ADINGABEAK EDO ATZERRITARRAK? ESKU HARTZEKO POLITIKEN AZTERKETA, LAGUNDU GABEKO ADINGABE ATZERRITARREN GAINEKOA

\"Juan San Martin\" Giza Eskubideen Bildumaren barruan argitaratua

Adingabeak edo atzerritarrak? Esku hartzeko politiken azterketa, lagundu gabeko adingabe atzerritarren gainekoa ikerketa lan bat da, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2006 eta 2007an zehar, bakarrik zeuden adingabe atzerritarrei buruzkoa. Lan hori Alazne Gozalo Goicoecheak, Eva Jiménez Martínek eta Laura Vozmediano Sanzek egindakoa da, Arartekoaren erakundeak emandako ikerketa beka baten ondotik.

Lan honen helburu nagusia bakarrik dauden adingabe atzerritarrekin garatzen ari diren esku-hartze politikak deskribatzea izan da, hain zuzen ere Giza Eskubideekiko eta Haurren Eskubideen esparruaren barruan EAEn.

Ondoren, azterlanean jorratu diren alderdi nagusiak aurkeztuko dira. Edukia eta erabilitako lan metodoa gorabehera, argi eta garbi bereizten diren hiru zatitan egituratu dira alderdi horiek.

1- Lehenengo zatian testuingurua finkatzen da eta jada eginda dauden azterlan teorikoak aurkezten.

2- Bigarren zati batean, EAEn bakarrik dauden adingabe atzerritarrei buruzko azterlan enpirikoaren emaitzak eta babes sistemarekin duten erlazioa aurkezten dira. Horretarako -2006 eta 2007 arteko denbora tartean bildutako 329 historiaz eratutako lagin batean oinarrituta-, xehetasunezko deskripzioa egin da haien estatus juridikoa eta pertsonala eratzen duten alderdi nagusien gainean: babes sistemara iristea; haren prestazioak, adibidez bizitokia, hezkuntza eta osasuna; aurreikusitako tutoretza sistema; legeztatzeko aukerak; laneko merkatura sartzeko aukera eta heldutasunera igarotzea. Beste era batera esanda, adingabeen ibilbide osoa bertan sartzen direnetik bertatik irteten diren arte.

3- Azkenik, azterlanaren ondorioei buruzko idatz zatia eskaintzen da. Horien artean, hurrengoak dira azpimarragarriak:


Bakarrik dauden adingabe nesken kasua ikusezin bihurtutako fenomeno bat da

Aztertu ditugun adingabeak gizonak dira ia guztiak, hain zuzen ere estatu espainiarrera iristen direnak migrazio proiektu bat jarraituta: gizonezkoak %96 dira, neskatoen kasuek % 4 bakarrik hartzen duten bitartean.

Laginean dagoen neska eskasiari buruz hausnarketa bat egin daiteke. Adieraztekoa litzateke oraindik ikusezina den fenomeno bat dela gure testuinguruan; agian, haiek gure herrialdean egoteak lotura izan dezakeelako, zenbaitetan, sexu ustiapenerako pertsonen trafiko sareekin edo, bestela, etxeko lanak egitearekin, babes erakundeen esku-hartzerik eduki gabe. Ondorioz, horiek topatzeak eta, beraz, haiekin gizarte eta hezkuntza esku-hartzea garatzeak gizonezkoen bidea ez den beste bat jarraitu beharko du.

Adingabearen profila: aitortutako adina

Eskura dauden datuen arabera, egiaztatu ahal izan da adina 12 eta 18 urte artean kokatzen dela. Batez bestekoa 16,1 urtekoa da, adingabeak berak aitortutako adinari dagokionez. Azpimarratzekoa da 12 urte besterik ez duten umeen agerpena dokumentatu dela laginean.

Adingabearen profila: adina hezur proba gorabehera

Aitortutako adinaren eta hezur probaren artean neurri bateko desadostasuna dagoela ikusi da, izan ere, kasuen %30etan ez dago berdintasunik adingabeak emandako datuaren eta profesionalen zenbatespenaren artean. Zehazki, %19,5entzat probak dio aitortutakoa baino helduagoa dela. Aldiz, %10,4rentzat, hezur probak dio aitortutakoa baino gazteagoa dela. Gainerako %70,1arentzat baterakuntza dago aitortutako adinaren eta hezur probaren artean.

Datu hauek eta kontsultatu diren iturri bibliografikoek zera erakusten dute: interesdunaren adina zientifikoki eta ahalik eta zehatzen finkatzea ahalbidetzen duten peritu praktikek akatserako marjina dutela, eta hori ez duela beti eskaintzen zenbatespena egiten duen profesionalak.

Adingabearen interesa jarriz gero beste edozein alderdiren gainetik, beharrezkoa litzateke irizpide hertsatzailea aplikatzea hezur neurketako probak egiteari.

Sartzeko baldintzak

Deigarrien suertatzen den puntuetako bat Poliziaren egoitzan sartzen diren ordua da. Horrela, harreren %48,6 arratsalde-gaualdera egiten da, eta baita goizaldeko ordu txikitan ere, 20:00 eta 7:55 artean. Hemen, azterlan honetan bildu ezin izan den datu bat topatzen dugu, hain zuzen ere adingabe hauek poliziaren egoitzan igarotzen duten denborari buruzkoa. Informazio hori oso interesgarria da etorkizuneko ikerketa baterako.

Halaber, interesgarria litzateke etorkizuneko azterlanetan jasotzea poliziaren komisarietan egindako jarduerari buruzko informazioa, adingabeei abokatu independente baten laguntza eskuratzeari buruz emandako informazioaren gainean. Izan ere, azterlanean ikus daitekeen moduan, horietako askok ez dute gure hizkuntza ezagutzen, ezta dituzten eskubideak ere.

Administrazio kudeaketak

Eskatutako tutoretza kopuruari dagokionez, adieraztekoa da kudeaketa hori datua badagoen -ez baitago beti informazio hori eskura- adingabeen %93,6tan egin dela. Horietatik %87,8ri baiezkoa eman zaio.

Tutoretza ez eskatzeak eragin juridiko nahiko kaltegarriak dakartza adingabearentzat, izan ere, gure herrialdean, babes zentro batean sartuta, egotea egiaztatuko lukeen dokumentazioa edukitzea galaraziko lioke horrek.

Azpimarratzekoa da adingabe kopuru jakin bati ez zaiola inolako administrazio kudeaketarik egin. Horregatik, azterlan honetan adingabeek babes sistemaren barruan egiten duten denbora guztia kontsultatu da: zenbaitetan, bertan egiten duten denbora hain da laburra, eskubideak aitortzeko administrazio izapideak egiteko denborarik ere ez dagoela.

Bertan bizitzeko baimenari dagokionez, kasu askotan adingabeek 18 urte betetzen dituzte hura eskuratu gabe. Horrek irregulartasun egoerara eta gizarte bazterkeriara eramaten ditu adin nagusitasunera iristerakoan, eta kalean amaitzeko aukera ere badute horrek dakartzan arriskuekin (ustiapena, delinkuentzia...).
Gauzak horrela, haiekin babes sistemaren barruan izan direnean egin den esfortzu eta lana autonomia lortzera zuzenduta dago eta beren kabuz moldatzeko gai izatera. Aitzitik, bertan bizitzeko eta bertan lan egiteko baimenik ez badute, esfortzu horrek ez du ezertarako balio izango.


Horregatik, egindako proposamenen artean, hau dago: adingabeen erregularizazioa eskatzea, estatu espainiarrean geratzea adingabearen interes gorena dela uste izan daitekeen unetik bertatik, eta ez itxaron behar izatea 9 hilabete igaro arte izapidearekin hasteko.
Gainera, atzerapenaren, arbitrariotasunaren eta tratu desberdintasunen prebentzioan laguntzeko, estatuko printzipio batzuk erabaki eta argitaratu beharko lirateke. Horiek, gehieneko denbora epe batzuei jarraiki, bakarrik dagoen adingabe baten dokumentazio eta erregularizazioan aplikatu beharreko berariazko prozedurak eta prozedura xehatuak adierazi beharko lituzkete.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko otsailaren 16an


Lotutako dokumentazioa

Adingabeak edo atzerritarrak? Esku hartzeko politiken azterketa, lagundu gabeko adingabe atzerritarren gainekoa