Administrazio digitala eta herritarrekiko harremanak. Euskal administrazio publikoetarako aplikazioa

Arartekoak egindako azterlana Arartekoak nabarmentzen du administrazio elektronikoa aukera-leiho bat dela, eskertzen ditu euskal administrazio publikoek egindako ahaleginak, eta zenbait ekintza proposatzen ditu herritarren eskubideak bermatzeko eta bazterketa digitala eragozteko.

Azterlan honetan ikertzen da zer egoeratan dagoen orain indarreko arau-esparrua, eremu publikoko digitalizazioari dagokionez eta herritarrek administrazio publikoarekiko harreman digitaletan dituzten eskubideei dagokienez; berehalako zein arazo ikusten diren digitalizazio-prozesua garatzean; eta eremu publikoan nola ahalegintzen ari diren arazo horiek konpontzen.

Era berean, aztertzen da eten digitalak zein neurritan eragiten edo kalte egiten dien talde edo pertsona jakin batzuei beren eskubideak erabili nahi dituztenean, benetan nola antolatzen diren behartutako subjektuen eta Administrazioaren arteko harreman digitalak, zein eginkizun duten jakinarazpen elektronikoek eta zein arazo sortzen dituzten praktikan.

Azterlana egiteko, galdera-sorta bat bidali zitzaien 17 euskal administraziori (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalerrien lagin bat, lurralde historikoen arabera). Administrazio elektronikoarekin lotutako 20 alderdi aztertu dira eta identifikatu da zeintzuk dauden garatuenak eta zeintzuk behar duten arreta handiagoa.

Azterlanean 22 ondorio jaso dira, besteak beste, gai hauekin lotutakoak: administrazio elektronikoa ezartzean, herritarrek duten jarrera aztertzea; herritarrentzat dituen on-gaitzak; kalteberatasun digitala bizi dutenen arazoak, COVID-19aren krisialdia bereziki aipatuz; aurretiazko hitzorduaren sistema behar bezala arautu eta antolatzeko beharra; zenbait ekintza eten digitala galarazteko, orain eta gero.

Ondorio horietan oinarrituta, Arartekoak hainbat gomendio egin ditu, besteak beste, honako hauek:

1. Bitarteko elektronikoen erabilera sustatzeko trantsizio-estrategia bat zehaztea eta onartzea. Estrategia horren bidez herritarrei lagundu beharko zaie eta berariaz erantzun beharko zaie talde jakin batzuen beharrei; talde horien artean daude kalteberatasun digitaleko egoeran egon daitezkeenak (adibidez, adinekoak) edo kalteberatasun ekonomikoan egon daitezkeenenak.

2. Herritarren eta euskal administrazio publikoaren arteko harreman-sistema osorik arau dezaten bultzatzea. Bere baitan hartu beharko ditu bai ikuspegi digitala, bai presentziala.

3. Herritarrek kanal-aniztasuna izateko duten eskubidea ziurtatzea, hau da, administrazioarekin zein kanalen bitartez erlazionatu nahi duten aukeratzeko eskubidea.

4. Herritarrei kanal elektronikoak erabiltzen laguntzea, laguntza-sistemak ezarriz izapideak elektronikoki egiteko baliabide teknologikorik edo gaitasun digitalik ez dutenei.

6. Next generation funtsak aplikatzea, eten digitala arintzeko: Digitalizazioaren arloko Europako funtsetatik datozen inbertsio-proiektuek inklusio digitala lehenetsi eta eten digitala pixkanaka deuseztatu beharko lukete.

7. Beharrezko azpiegitura teknologikoen ezarpena bizkortzea, herritarrekiko harremana errazten dutenak abian jartzea lehenetsiz.

8. Herritarren eskubide digitalak bermatzeko eta indartzeko neurri zehatzak abiaraztea, esate baterako, eskubide digitalen gutunak.

9. Elektronikoki izapidetutako administrazio-prozeduretan euskararen erabilera errazten duten tresnak sustatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 10a

 


Lotutako dokumentazioa

Administrazio digitala eta herritarrekiko harremanak. Euskal administrazio publikoetako aplikazioa