ADMINISTRAZIO ESPEDIENTEAK IKUSTEKO AUKERA

Egiaztatu ahal izan dugu zenbait administraziok zuzeneko interesa frogatzeko eskatzen dietela administrazio espedienteak ikusi eta kontsultatu nahi duten pertsonei ekintza publikoa barne hartzen duten alorretan, hala nola, hirigintza, ingurumena edo kultura ondarea.

Pertsona batek Ararteko erakundeari jakinarazi zion Bilboko Udalak ez ziola erantzunik eman hirigintzari buruzko informazio eskaera bati. Informazioak ikastetxe bat egokitzeko obren lizentziaren gaineko espedientea zuen hizpide. Udalak, dokumentazioa ikusi ahal izateko, zuzeneko interesa egiaztatzeko eskatu zion baina erakunde honetatik udalari gomendatu genion espedientea ikusteko aukera eman ziezaion inolako interes zehatzik egiaztatzeko beharrik gabe; izan ere, lurzoruari eta hirigintzari buruzko legean jasotako artikulu baten arabera, eskatzen duen edozein pertsona interesduntzat joko da ekintza publikoa gauzatze aldera.

Bilboko Udalak gomendioa onartu egin zuen eta eskatzaileari espedientea ikusteko aukera eman zion.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 2a