Arartekoa Estrasburgora joango da Europako agintariekin elkartzera, liderrak baitira giza eskubideak babestu eta sustatzeko lanetan

Arartekoko ordezkaritzak aldean izango du Herbehereetako Defentsa-erakundeko ordezkaritza bat.

Bisita horren helburu nagusia Europako eragile batzuekin harremanetan jartzea da, besteak beste, Europako Kontseiluaren eta Europako defentsa-erakundeen artean lankidetza-gune bat sortzera bideratutako hausnarketa hasteko Veneziako Printzipioak ezarri eta sendotzeari buruz, Ombudsman erakundeen konfiguraziorako eta funtzionamendurako ezinbesteko erreferentzia-parametro gisa.

Gaur, Manuel Lezertua arartekoa Elise Cornu andrearekin bilduko da, Europako Kontseiluko Gutxiengo nazionalen eta hizkuntza gutxituen Dibisioko zuzendaria bera, eta harekin partekatuko du Eskualdetako Hizkuntzen Europako Gutunak eskaintzen duen estaldura bultzatzeko asmoz Arartekoak euskal agintariekin egindako lana, euskararen aldeko neurriak har daitezen. 

Une honetan, Gutuna Betetzeko aldizkako seigarren txostenean parte hartzen ari da Espainia, eta prozesu horren esparruan, espero da Adituen Batzordea 2024ko urtarrilean Euskadira bisitan etortzea. Arartekoak Dibisioko zuzendariari adieraziko dio bisita horretan Adituen Batzordearekin elkarlanean aritzeko prest dagoela; horretarako, euskararen alde lanean diharduten elkarte eta erakundeek prestaturiko agiri-sorta emango da eta horri buruz eztabaidatuko da. 

Bihar, asteartea, arartekoa Síofra O’Leary Giza Eskubideen Europako Auzitegiko (GEEA) lehendakariarekin elkartuko da, Arartekoak auzitegi horren erabakien inguruan agintariekin eta euskal gizarte osoarekin burutzen duen sentsibilizazio- eta hedapen-lana ezagutarazteko. Arartekoak lan hori egiten du administrazioei bidaltzen dizkien gomendioetan, bere txostenetan edo bere dibulgazio-jardunaldietan, eta asmo horixe du datorren 2023ko azaroan izenburu honekin antolatuko duen jardunaldiak ere: “Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Euskadiri buruz egindako kontrol-jardueraren balantzea“ (jardunaldi hori Ararteko erakundeak eta Giza Eskubideen Unesco Katedrak antolatu dute, eta bertan ponentzia bat aurkeztuko du, hain justu, María Elosegui GEEAko epaile espainiarrak).

Ondoren, bilera izango du Emily O’Reilly Europako defendatzailearekin. Aukera aproposa izango da zenbait gai jorratzeko, besteak beste, bi erakundeen arteko lankidetza Arartekoak Irun eta Hendaia arteko nazioarteko zubia ixteari buruz hasi duen espediente batean, izan ere, Europako Ombudsmanak Europako Batzordeari azaldu dio gai hori. 

Orobat, arartekoak Europako Kontseiluko Giza Eskubideen eta Zuzenbide Estatuaren zuzendari nagusiarekin ere hitz egingo du Lezertuak, Christos Giakoumopoulos jaunarekin, giza eskubideen arloan Kontseiluak zer lehentasun dituen eztabaidatzeko eta bi erakundeen artean egon daitezkeen sinergiak eta topaguneak identifikatzeko.

Bukatzeko, asteazkenean, urriak 18, Europako Kontseiluko Parlamentu Biltzarreko idazkari nagusiarekin bilduko da, Despina Chatzivassiliou-Tsovilis andrearekin. Elkarrizketa hori baliagarria izango da Europako defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren artean lankidetza-gune bat sortzeko ideia bultzatu eta garatzeko, Veneziako Printzipioak eta Ministro Batzordearen (2019)6 Gomendioa (Ombudsman erakundeen garapenaren gainekoa) hedatzea, egoki aplikatzea eta indartzea sustatzeko.

Arartekoa kokaleku egokian dago gune hori bultzatzeko, Europako gainontzeko defentsa-erakundeak bertan egon daitezen eskatuz, nazioarteko foroetan hainbat urtean sareak ehuntzen aritu ondoren. Kokaleku horretan oinarritzen da, hain zuzen ere, topaketa hori eta proposatutako zeregina burutzeko aukera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 16a