Arartekoa: "Giza eskubideekiko errespetuaren balio demokratikoak nagusitu dira"

Arartekoak, pertsonen eskubideak babesteko Eusko Legebiltzarreko goi-komisarioak, berebiziko poza azaldu nahi du ETAren indarkeria terrorista amaitzeko erabakiarekin, askotan desiratu den amaiera horrekin.

Erabaki hori gertakari historikoa eta berri ezin hobea da une oro heriotza mehatxuaren pean edo estortsionatuta edo hertsatuta zeuden milaka pertsonentzat, askatasuna itzuli baitzaie. Giza eskubideekiko errespetuaren balio demokratikoak nagusitu dira. Arartekoak zenbait ikuspegitatik ETA amaitu zedin lan egin duten pertsona eta erakunde guztiak zoriondu nahi ditu.

Azkenik, Euskadiko Herriaren Defendatzaileak azpimarratu nahi du bakearen eta giza eskubideen alde irmoki jarraituko duela lanean eta, horretarako, ahalegin berezia egingo duela ireki den etapa historiko berri honetan talde terroristen indarkeriaren biktima guztien eskubideak eta giza eskubideekiko errespetua erabat aintzat hartu eta babes daitezen, balio demokratikoak eta bakea guztiz gailentzen diren testuinguruan.


Vitoria- Gasteiz, 2011ko Urriaren 21a