Arartekoa pozik agertu da, Helena Malenoren kontra hasi ziren zigor arloko auziak artxibatu direlako

Helena Maleno eta "Caminando Fronteras" taldea, baita arartekoa ere, pozik daude Tangerreko apelazioko auzitegiak berri hau egiaztatu duelako: artxibatu egin direla Mediterraneoaren mendebaldean nora ezean ibiltzen diren pateretako pertsonei laguntzeagatik eta haiek erreskata ditzaten egiten dituen deiengatik Malenoren kontra hasitako zigor arloko auziak.

Arartekoak askotan adierazi izan du ezin direla nahastu etorkinei laguntza humanitario eta elkartasunezkoa ematea eta pertsonak salerostea, ez baita bidezkoa giza eskubideen babesleak kriminalizatzea. Helena Malenoren kasuan, 2017. urtearen bukaeran, Arartekoak Marokoko Herriaren Defendatzailearekin ere egin zituen zenbait gestio; Malenoren egoeraren berri galdetu zion, eta nabarmendu zuen hura migratzaileen eskubideak defendatzeko elkarteekin lankidetzan aritzen dela eta bere jarduerak guztiz humanitarioak direla.

Maleno andrea giza eskubideen arloko ekintzailea, kazetaria eta "Caminando Fronteras" elkartearen sortzailea da, urte askoan ziurtasunik gabe eta larri bizi izan da, eta bere eskubide guztiak lehengoratu diezazkioten nahi dugu, bete-betean eta aske bizi ahal izan dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 12a