Arartekoak amaitu du bere jarduera kexa batean, Alokabidek etxebizitza batean intsektuak hiltzeko lanak ordainduko dituela egiaztatu ondoren

Herritar batek Arartekoari adierazi zionez, ez zegoen konforme Alokabide sozietate publikoaren erabaki batekin, izan ere, sozietate horrek eskatu zion ordain zitzala "Bizigune" Etxebizitza Hutsen Programari dagokion babes publikoko etxebizitzarekin parekatutako etxebizitzan intsektuak hiltzeko egin ziren lanak.

2021eko urtarrilean, interesdunak lehen aldiz jakinarazi zion sozietate publiko horri higiezinean labezomorroak zeudela. Alokabidek enpresa bat kontratatuta dauka etxebizitzak mantendu eta kontserbatzeko beharrezkoak diren konponketa- eta berrikuntza-zerbitzuak egiteko. Horregatik, irailaren erdialdera, enpresa hori etxebizitzara joan zen eta intsektuak hiltzeko tratamendua gauzatu zuen. Egun batzuk geroago, sozietate publiko horretako Bezeroentzako Arreta Zerbitzuak lan horiek egiteagatik ordaintzeko (689,70 €) agindua jakinarazi zion kexagileari.

Kexagilearen esanean, 2019az geroztik bizi zen etxebizitza horretan, lehen ere egin ziren horren antzeko ekintzak eta bere errentamendu-kontratuan ez zegoen jasota halako ordainketarik egiteko betebeharrik.
Arartekoak laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, eta zenbait gogoeta helarazi zizkion.

Hiri Errentamenduei buruzko Legearen arabera, errentatzaileak egin behar ditu "etxebizitzan beharrezko diren konponketa guztiak, hitzartutako erabileraren bizigarritasun-baldintzak gordetzeko". Azken batean, egin beharreko konponketak dira etxebizitzaz duintasunez gozatzeko ezinbestekoak direnak.

Arartekoaren iritziz, baldin eta errentariari ezartzen bazaio kontratua amaitzean etxebizitza jaso zuen bezalaxe itzultzeko betebeharra, bidezkoa da errentatzaileari ezartzea kontratuaren indarraldian zehar etxea hitzartutako erabilerarako egoera onean mantentzeko beharrezkoak diren konponketak egiteko betebeharra. Hasiera batean, ez genuen ikusi inolako txosten teknikorik errentariak erabilera desegoki edo arretarik gabekoa egin zuela egiaztatzen zuenik, intsektuak hiltzeko jarduerengatiko gastua hari leporatzea justifikatzeko.

Horregatik, laguntza eskatu genion sail horri, zeinak arrazoibide hori onartu eta honako hau adierazi baitu: "Según el informe obrante en Alokabide, la infestación es leve y está localizada en la cocina, básicamente. La vivienda está en buenas condiciones de uso e higiene, por lo que una vez analizado el expediente y teniendo en cuenta que desconocemos el origen de la plaga, la imputación de la factura no se ha realizado correctamente. Es decir, tal como indica el Ararteko, no existe razón objetiva para que la persona arrendataria lo abone. Alokabide asumirá el importe íntegro de la mencionada factura."

Behin espediente hori behar bezala konponduta, Arartekoak amaitu du bere jarduera, eta eskertzen du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako laguntza.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 1a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2022IR-2259-21 Ebazpena, 2022ko urtarrilaren 25ekoa. Horren bidez, Arartekoak amaitutzat eman du bere esku-hartzea Alokabide sozietate publikoaren esku-hartze batekin erakutsitako desadostasunari lotutako kexa baten harira.