ARARTEKOAK ANTOLATUTAKO IKASTAROA: EUSKAL HERRIAN KULTUR ONDASUNAK BABESTEAK SORTZEN DITUEN ARAZOAK

Manuel Lezertua arartekoak gaur goizean hasi du "Euskadin kultura-ondasunak babesteko araubideak berekin dakartzan arazoak" izenburuko ikastaroa. Ararteko erakundeak antolatu du, EHUren Uda Ikastaroen XXXVI. edizioaren barruan.

Jardunaldi horren bidez eztabaida piztu nahi da botere publikoen eta euskal kultura-ondarea babestea ardura zaien taldeen artean.

Bere mintzaldian, Manuel Lezertuak hauxe adierazi du: "kultura-ondareak batik bat begiratu behar dio aspaldiko edo ez hain aspaldiko denboraren joanean bizirik iraun duen aztarnari edo ondareari, izan ere, horri esker dakigu zer baliotan oinarrituta eraiki dugun pixkanaka gure oraina, eta orain horretan ikusarazten diegu gure etorkizuna datozen belaunaldiei".

Beste gai batzuk ere aipatu ditu, esaterako, Europako Batzordeak arkitektura-ondarea babesteko duen eginkizuna eta historia-, kultura- eta arte-ondarea babesteko Konstituzio agindua.

Kultur ondareak badu babesteko araubide bat, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean bildutakoa. Lege horretan garatu den arau-esparruaren bidez, ondasun higigarri, higiezin eta materiagabeek, kultur baliorik baldin badute, babestea merezi dute.

Kultur ondasunak iraunaraziko badira, euskal botere publikoek ondasun horiek babestu, iraunarazi eta balioesteko agindua jaso behar dute. Kulturaren gaineko legeriak eskumen-banaketa konplexua ezartzen du euskal erakundeen sarean (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak).

Bestalde, ondasunen jabeek ere horiek iraunarazi, zaindu eta behar bezala babestu beharra daukate, ondasunak osorik iraungo dutela ziurtatzeko, eta galdu, suntsitu edo hondatu ez daitezen.

Aldi berean, Euskadin elkarte-sare zabal bat dago, eta, legerian jasota dagoen herri-ekintzak bultzatuta, bere helburuen artean dauka kultur ondarea herri-administrazioen aurrean defendatzea.

Erantzukizun publiko eta pribatu partekatu horrek errealitatean gatazkak sortu ditu jabeen, administrazioen eta elkarteen artean, eskubide eta betebehar horiek zuzen baliatzea dela eta.

Urte hauetan barrena, Arartekoak zenbait jarduera burutu ditu beraien historia, arkitektura, arkeologia edo paisaia balioagatik babestuta dauden kultur ondasun horiek onartu eta babestearen inguruan.

Donostia-San Sebastián,2017ko uztailaren 6a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 2017-07-06