ARARTEKOAK ANTOLATUTAKO IKASTAROA: PERTSONEN ESKUBIDEAK BIZITZAREN BUKAERAN

EHUren Uda Ikastaroen XXXVIII. edizioan, Arartekoak honako izenburuko ikastaroa antolatu du gaurko eta biharko, Donostiako Miramar jauregian: "Pertsonen eskubideak bizitzaren bukaeran".

Hasiera-ekitaldian, Manuel Lezertua arartekoak hauxe esan du: "minaren nagusikeria gure bizia hondatzera irits daiteke, eta zuzenean talka egin dezake gure giza duintasunarekin, larriki hondatuz ez bakarrik gure egoera fisikoa, baizik eta baita gure egoera emozional eta psikikoa ere".

Arartekoak gaineratu duenez, "minik ez izateko eskubidea estu-estu lotuta dago osasunerako eskubidearekin, eta, aldi berean, eskubide horretatik bereizita dagoen adierazpen bat balitz bezala taxutzen da".

Estatu kideetako Ministro Batzordeak zainketa aringarrien antolaketaz egin zuen gomendio bat aipatu du Lezertuak. Gomendio horretan eskatzen da zainketa aringarriak osasun-arretarako sistemaren osagai bihur daitezela, honako premisa hau abiapuntutzat hartuta: agintari publikoek arduratu behar dute zainketa aringarriak behar dituzten guztientzat eskuragarri egongo direla bermatzeaz.

Uda Ikastaro honen bidez, jarrera baikorra sustatu nahi da gizartean eta medikuntzan, gaixotasun aurreratua eta terminala duten pertsonak artatu eta zaintzeari dagokionez. Giza duintasunean eta arreta profesionalean oinarritutako ikuspegitik begiratuta, gaitzaren bilakaera naturala errespetatu nahi da, horretan lagundu, eta gaixoa zaintzearen alderdi espiritualak eta emozionalak aintzat hartu.

Donostia-San Sebastián, 2019ko uztailaren 4a


Lotutako dokumentazioa

IKASTAROAREN HASIERA