Arartekoak Arabako Aldundiaren Kultura Sailari eskatu dio neurriak har ditzala kultura-ondasun gisa babestutako eraikin baten kontserbazioa bermatzeko

Herritar batek, Kuartango udalerrian kokatutako erakin baten jabetzaren izenean, kexa aurkeztu zuen Arartekoan, eraikin hori birgaitzeko beharrezkoak ziren obrak egiteko baimenak lortzea ezinezkoa zelako.

2021eko urtarrilean, hirigintza-lizentzia bat eskatu zion udalari. Eraikina udal-katalogoan udal-ondarearen babes-araubidearen barne zegoen, Kuartangoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak hala onetsita. Hori horrela, hirigintzako zerbitzuak kontsulta egin zion Arabako Foru Aldundiko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuari. Gainera, eraikina A-4351 auzoko errepide-sareko jabari publikoko zonan kokatuta zegoen. 

Hori dela eta, Kuartangoko Udalak kexagileari jakinarazi zion hirigintza-lizentzia eman baino lehen nahitaezkoa zela Foru Aldundiko Azpiegiturak eta Mugikortasun Saileko Errepideen Zerbitzuak baimena ematea, eta, horrenbestez, irailean, kexagileak eskaera bat aurkeztu zuen sail horretan.

Bide Azpiegituretako zuzendariak baimena ezetsi zuen. Ebazpenean jasotakoaren arabera, eraikina errepideko jabetza publikoko gunearen barruan dago. Hortaz, Errepideen Foru Arauan ezarritakoaren arabera, soilik eraikina kontserbatzeko nahitaezko obrak daude baimenduta. Kasu horretan, eraikina birgaitzeko eskatutako obrak kontserbazio- eta mantentze-lanetatik haratagokotzat jo ziren. 

Hilabete batzuk aurrerago, kexagileak Errepideen Zerbitzuan beste baimen bat eskatu zuen, kasu horretan, estalkia eraberritzeko obrak egiteko; izan ere, kexagilearen ustez, lan horiek nahitaezkoak ziren eraikina kontserbatzeko eta narriatzea ekiditeko.

Bide Azpiegituretako zuzendariak eskaera berriro ezetsi zuen, eta adierazi zuen, estalkiaren egoera txarra ikusita eta galtzadatik hain hurbil dagoela kontuan hartuta, baimendu ahal izango litzatekeen jarduketa bakarra eraikina osorik eraistea litzatekeela. 

Kexagileak udalera jo zuen, berriz ere, eraikina eraisteko aukerari buruz galdetzeko, eta Errepideen Foru Sailaren ebazpena aurkeztu zion. Udalak erantzun zion ezin zela eraitsi, ondarea babesteko araubidea dela eta. Foru Aldundiko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak ere berretsi zuen eraikinak oinarrizko babeseko kultura-ondasunaren kalifikazioa zuela, eta, beraz, ezin zela eraitsi.

Erantzunak bat ez datozenez, Arartekoak Arabako Foru Aldundiaren Kultura Sailari gomendatu dio dagokion espedientea has dezala dauden kalteak lehengoratzeko eta babestutako eraikina galtzea saihesteko beharrezkoak diren neurriak egikaritu daitezela agindu ahal izateko. Halaber, Azpiegituretako Sailari iradoki dio azter dezala aukerarik dagoen hiri-tarte hori egokitu dadila sustatzeko, kultura-ondarea babesteko betebeharra bateragarria izan dadin errepideei buruzko araudiarekin. 

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 5a