Arartekoak Azpeitiko Udalari gomendatu dio ostalaritza-establezimendu bateko musika-ekipoak eragiten duen zarata-gehiegikeria zuzentzeko ikuskapen- eta kontrol-neurriak erabili ditzala

Herritar batek Arartekora jo zuen salatzeko Azpeitiko Udalak ez zuela esku-hartzerik egin ostalaritza-establezimendu batetik zetozen zarata-eragozpen larriak kontrolatu eta zuzentzeko. Kexagilearen arabera, eragozpenak jasanezinak dira, establezimendura sartzeko ateak irekita daude beti, eta horrek zarata areagotzen du bere etxebizitzan, eta behin eta berriz ez da betetzen itxiera-ordutegia. 

Arartekoak dagoeneko aztertu zuen kasu hori lehenago. Kasu hartan, egiaztatu genuen jarduera behar bezala erregularizatu zela eta jasotako txostenek adierazi zuten lokalak isolamendu akustiko nahikoa zuela bertan gauzatzen zen jarduera motarako. Hala ere, musika-ekipoek ez zuten beharrezko mugagailua, hori dela-eta, baimendutako bolumenaren gainetik funtzionatzen zuten. Horregatik, Udalak jardueraren sustatzaileari agindu zion mugagailua jartzeko ekipo guztietan, baimendutako gehieneko bolumena errespetatze aldera.

Nolanahi ere, salaketa berrien aurrean egindako jarraipenaren ostean, egiaztatu zen jardueraren sustatzaileak ez zituela betetzen errekerimenduak, ez baitzuen jarritako muga errespetatzen; horrenbestez, udalak berriz ere eskatu zion ekipoa egokitu zezala. Gainera, bolumena mugatu ondoren, ikusi zen zenbait unetan muga-sistema deskonektatu egin zela.

Beste udal-errekerimendu batzuen ostean, Azpeitiko Udalak Arartekoari baieztatu zion 2022an, bolumena modu eraginkorrean mugatu ostean, ez zela antzeman berriro gehiegizko zaratarik. Nolanahi ere, adierazi zuen arau-hauste gehiago egon ez zedin, erregistro sonografikoa instalatzeko aukera aztertuko zuela, kontrolak egiteko.
Emandako datuen arabera, Arartekoak konpondutzat jo zituen eragozpenak eta espedientea itxi zuen.

Beste kexa-idazki bat aurkeztu zenez, zeinaren bidez adierazi baitzen eragozpenekin jarraitzen zutela, Arartekoak beste espediente bat ireki zuen eta berriro jo zuen Azpeitiko Udalera, haren jarduketak ez baitu balio izan ez urritasunak zuzentzeko ez bizilagunei kalteak ekiditeko. Hori dela eta, egindako arau-hausteak errepikatu egin direnez, Arartekoak Azpeitiko Udalari gomendatu dio erregistro sonografiko bat jar dezala. 

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 19a