Arartekoak bat egin du Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sareak (ENOC) Pyloseko kostaldeko hondoratzeaz egindako adierazpenarekin

Grezian urte askoan gertatutako migratzaileen hondoratzerik hilgarriena izan da ekainaren 13ko gauean Pyloseko kostaldearen aurrean gertatutako arrantza-ontzi baten hondoratzea. Lekuko batzuen esanean, ontzi hartan 100dik gora ume zeuden.

Zorigaiztoko hondoratze horren aurrean, Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sareak (ENOC) adierazpen bat egin du jendaurrean, non hauxe gogorarazi baitie Europako agintariei eta estatu kideei: umeei, bakarrik edo norbaitek lagunduta joan, inoiz ezin zaie ukatu herrialde batean sartzea, giza eskubideen nazioarteko arauen arabera.

Arartekoa, ENOCeko kide denez, bat dator adierazpen horretan azaldutakoarekin, eta Europako agintariei eskatzen die:

-    Neurriak har ditzatela itsasoan arriskuan daudenei berehala laguntza egokia emango zaiela bermatzeko
-    Berma dadila ikerketa independente eta zorrotza egingo dela ezbehar izugarri horren inguruabarrez, modurik gardenenean
-    Bide seguruak eta koordinatuak sor daitezela mugitzen ari diren haurrentzat eta beren familientzat, eta neurri integralak har daitezela bidaia arriskutsuak saihesteko

Gertakari lazgarri horrek berriro gogorarazten digu premiazkoa dela mugitzen ari diren haurrak babestea. Horren gainean, gogora dakargu Arartekoak 2021ean egindako azterlan bat, lagundu gabeko haur atzerritarrak babesteko zerbitzuei buruzkoa; azterlan hartan, administrazioen eta herriaren defentsa-erakundeen jarduera egokien sorta zabal bat identifikatu zen, babesaren gaineko nazioarteko estandarren argitan. Azterlana lankidetzan egin zen, Greziako eta Herbehereetako herriaren defentsa-erakundeek honako gai hauetaz prestaturiko txostenak osatuz: mugan erabilitako prozedurak eta atzerritarrak itzultzea, eta asilo eskatzaileak eta errefuxiatuak gizarteratzea. Lan hori aurrera ateratzeko, elkarlanean aritu dira hiru defentsa-erakundeak, Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuko Europako sailaren esparruan.  

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 21a