ARARTEKOAK BERGARAKO UDALARI GOMENDATU DIO BEHARREZKO NEURRIAK HAR DITZALA OSTALARITZAKO BI LOKALEN JARDUERAK SORTZEN DITUZTEN IRREGULARTASUNAK ZUZENTZEKO

Bergarako zenbait herritarrek Arartekora jo dute, salatu nahi baitute udalak ez duela ezer egiten ostalaritzako bi lokalen jarduerak etengabe sortzen dituen irregulartasunak zuzentzeko.

Zehazki, nabarmendu dute kalte handiak eragiten dizkiela lokal bateko musika ozenak eta ixteko ordua behin eta berriz ez betetzeak. Halaber, azaldu dute kanpoan jarritako terrazaren funtzionamendua legez kanpokoa dela. Pairatzen ari diren arazo larria konpontzeko asmoz, hainbat erreklamazio egin omen dizkiote Bergarako Udalari, eta bertako arduradunekin harremanetan egon omen dira, baina ez omen da neurririk hartu sortutako kalteak eragozteko. Gainera, haien esanean, gauez Udaltzaingoaren zerbitzurik ez dagoenez gero, ez da inolaz ere esku hartzen lokal horretan, eta ez da ezer egiten haren inguruan bildutako jendeak sortzen dituen eragozpen larriak saihesteko.

Bigarren kasuan, berriz, zaratagatik eragozpen larriak jasaten omen dituzte, lokala baldintza desegokietan erabiltzen delako, eta ez omen da betetzen, behin eta berriz, jardueraren ixteko ordua. Era berean, hots eragozpen larriak sortzen omen dituzte bai kanpoan jarritako terrazaren jarduera irregularrak, bai inguru horretan biltzen den jendeak ateratako zaratak. Arazo larri horiek konpontzeko asmoz zenbait erreklamazio egin eta udalarekin harremanetan egon diren arren, Bergarako Udalak ez omen die eman pozik egoteko moduko konponbiderik.

Arartekoa udalarekin harremanetan jarri ondoren, hark bi kasu horietan zer neurri hartu dituen jakinarazi digu.

Hala ere, kexagileen ustez, neurri horiek ez dira nahikoak eta arazoak bere horretan dirau.

Horregatik, Arartekoak Bergarako Udalari gomendatu dio beharrezko neurriak har ditzala ostalaritzako bi lokal horien jarduerak behin eta berriz sortzen dituen irregulartasunak zuzentzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 14a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2018R-2972-17 EBAZPENA, 2018ko azaroaren 26koa. Horren bidez, Bergarako Udalari gomendatzen zaio ostalaritza establezimendu baten jarduera legezta dezala. Arartekoaren 2018R-2859-17 EBAZPENA, 2018ko azaroaren 26koa, Bergarako Udalari gomendatzen zaio dagozkion neurriak har ditzan, ostalaritza establezimendu batek eragiten dituen eragozpenak saihesteko, eta lehenbailehen eska diezaion jarduera horri ingurumen arloko legeria betetzeko.