Arartekoak Bilboko Ddalari gomendatu dio ebatz dezala TAO-ren araudia hausteagatik jarritako salaketa bat ezeztatzeko ordaindu zen diru-kopurua itzultzeko eskaera

Herritar batek esku hartzeko galdegin zion Arartekoari, Bilboko Udalak 30 euro itzul ziezazkion, izan ere, adierazi zuenez, kopuru hura akats baten ondorioz ordaindu zuen, TAOko zaindari batek bere ibilgailuaren kontra jarritako salaketa baliogabetzeko. Araututako eremuan aparkatzeko gaitzen duen titulurik ez zuelako jarri zioten salaketa.

Kexagilearen esanean, ibilgailuak bazuen aparkatzeko gaitzen duen titulua, "BilbaoPark" aplikazioaren bidez lortu baitzuen, zaindariak salaketa jarri zuen ordu berean.

Adierazi zuenez, salaketaren berri izan zuenean, TAOren arreta-telefonora deitu zuen. Telefonoz artatu zuen pertsonak esan zion Udalari jakinaraziko ziola gorabehera hura, artxiba zezan, jarduera hura eta aparkatzeko baimena ordu berean egin zirela egiaztatu ondoren.

Geroago, aplikazioaren historikoa kontsultatzean, konturatu zen nahi gabe egin zuela klik salaketa ezeztatzeko aukeran, eta automatikoki aktibatu zuela aukera hura, nahi gabe.

Herritarrak eman zigun informazioaren arabera, salaketa ezeztatzeagatik nahi gabe ordaindu zuen kopurua itzul ziezaioten eskatu zuen, eta salaketa eta "BilbaoPark" aplikazioan lortutako aparkatzeko baimena aurkeztu zituen, baina Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak jakinarazi zion, azalpen gehiagorik eman gabe, zerbitzu juridikoen ustez ezin zela ezeztatu salaketa baten baliogabetzea.

Informazioa eskatu ondoren, Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloak Arartekoari adierazi zion ez zela bidezkoa dirua itzultzea, bada, TAO sistemaren datu-basean idatziz jasota agertzen zenez, salaketa hura "BilbaoPark" aplikazioan horretarako gaitzen duen titulua lortu baino lehenagokoa zen.

Hala ere, udalak ez du jakinarazi zer ordutan jarri zen salaketa, TAO sistemaren datu-basearen arabera, eta zer ordutan lortu zen aparkatzeko baimena. Era berean, ez du argitu datu-basean nola ager daitekeen kexagilearen agiriek gezurtatzen duten informazio bat. Ez du azaldu zergatik uste duen salaketa aparkatzeko baimena lortu baino lehenago jarri zela, aipatutako agiriak kontuan hartuta.

Horregatik, Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio ebatz dezala TAOren araudia hausteagatik jarritako salaketa ezeztatzeko ordaindu zen diru-kopurua itzultzeko eskaera, eta kexagileari itzul diezaiola kopuru hori, baita berandutze-interesak ere.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 19a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2021R-1075-20 Ebazpena, 2021eko irailaren 13koa. Horren bidez, Bilboko Udalari gomendatzen zaio, adierazitako parametroen arabera, TAOren araudia hausteagatik jarritako salaketa bat ezeztatzeko ordaindutako zenbatekoa itzultzeko eskaera ebatz dezala, eta interesdunari itzul diezaiola aipatutako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak.