Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio alda dezala desgaituentzako aparkatzeko txartelaren titularrek zamalanetarako erreserbatuta dauden eremuetan gelditzeko edo aparkatzeko duten eskubideari buruzko erabakia

Herritar batek Arartekoari kexa egin zion, Bilboko Udalak bere kontsulta bati eman zion erantzunagatik; kontsulta hura desgaitasuna duten pertsonentzako txartelaren titularrek zamalan-eremuetan aparkatu ahal izateari buruzkoa zen.

Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko Herritarrei Laguntzeko Zerbitzuak igorritako mezuan, hauxe azaldu zuen: “En el caso del Ayuntamiento de Bilbao, no acepta el estacionamiento, ya que si mucha gente con Tarjeta Europea decidiera hacer uso de los aparcamientos de carga y descarga obstaculizarían al tráfico y dificultarían el trabajo de los transportistas”

Gai horren gaineko Estatuko legeriak udalei eskumenak ematen dizkie ordenantzen bidez arautu ditzaten trafikoa eta hiri-bideen erabilerak, arreta berezia eskainiz mugikortasun urria duten eta ibilgailuak erabiltzen dituzten desgaituen premiei, haiek gizarteratzea errazteko. 

Arartekoaren ustez, zamalanetarako erreserbatutako eremuetan gelditzeko edo aparkatzeko eskubidea, oinezkoei edo trafikoari kalterik egiten ez bazaie behintzat, Estatuko toki-administrazio guztiek nahitaez bete beharreko oinarrizko eskakizuna da, eta administrazio horiek jarduteko tarte bat dute eskubide hori gauzatzeko modua garatu eta erabakitzeko. 

Beraz, zamalanetarako eremuetan, horretarako ezarritako ordutegian, bi taldek aparka dezakete: zamalanetarako ibilgailuek eta desgaituentzako aparkatzeko txartela erraz ikusteko moduan daukaten ibilgailuek, horietako bakoitzak tokiko-araudian ezarritako mugak eta baldintzak dituela.

Horren ondorioz, ordenantza Estatuko eta erkidegoko legeriaren mende dago, eta biek ahalbidetzen dute tokiko berariazko araudia ezartzea, bi taldeen eskubideen artean nolabaiteko oreka lortzeko eta txartel horrek ematen duen eskubidea baliatzeak zamalanetan izan dezakeen eragina neutralizatzeko edo ahalik eta txikiena izateko, eta arrazoi horixe alegatzen du udalak.

Horregatik guztiagatik, Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio alda dezala onartutako irizpidea eta bete dezala desgaituentzako aparkatzeko txartelen titularrek zamalanetarako erreserbatutako eremuetan aparkatzeko duten eskubidea, txartel horri aplikatu beharreko araubide juridikoa erregulatzen duen araudian ezarritako moduan.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 27a