Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio balioetsi dezala logopeda lanpostua eskuratu nahi zuen pertsona batek arreta goiztiarrean alegatutako lan-eskarmentua

Pertsona batek Arartekoari azaldu zion ez zegoela konforme Bizkaiko Foru Aldundiaren jokaerarekin, foru administrazio horrekin itundutako zentroetan arreta goiztiarrean logopeda-zerbitzuak emateko egin zituen ahaleginak zirela eta.

Pertsona horrek Fonoaudiologiako titulua zuen, atzerriko unibertsitate batek 2019ko uztailean emana, eta logopeda lanbidean aritzeko gaitzen duen Espainiako graduko unibertsitate-tituluarekin homologatua, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak emandako ziurtagiriak bermatzen zuen moduan.

Era berean, bazituen bere jatorrizko herrialdean titulua lortu ondoren izan zuen eskarmentuaren ziurtagiriak ere.

Homologazioa lortu eta gero, kexagileak hainbat lan-eskaintza jaso zituen Bizkaiko Foru Aldundiaren arreta goiztiarreko zentro itunduetan jarduteko; horregatik, beharrezko izapideak eta kontsultak egin ziren administrazio horrekin.

Bizkaiko Foru Aldundiak berak Arartekoari jakinarazi zionez, 2019ko abenduan, zentro horietako bateko arduradunak idazki bat igorri zuen Gizarte Ekintzako Foru Departamentuko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuari, pertsona horri zentro hartan alta eman ziezaioten eskatzeko, logopedaren lanbide kategoriarekin.

Zerbitzuak, ordea, erantzun zuen ez zituela baldintzak betetzen, eta interesdunak beste idazki bat aurkeztu zuen, bere lan-aurrekariak berriz azter zitzaten eskatzeko.

Erantzunean adierazi zioten ez zela egiaztatuta geratu arreta goiztiarreko prestakuntza edo eskarmentu espezializatuari zegozkion eskakizunak betetzen zituenik, ez baitzegoen inolako agiririk arlo horretan alegatutako lan-eskarmentua homologatu zela ziurtatzen zuenik, eskarmentua titulua homologatu baino lehenagokoa baitzen.

Hala ere, dekretuak ez du eskatzen atzerriko titulu bat homologatu duten pertsonen kasuan lanbide-eskarmentuak homologazioaren ondorengoa izan behar duenik.

Horregatik, Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari gomendatu dio ikuspuntu materialetik begiratuta balioetsi dezala logopeda lanpostua eskuratu nahi duen interesdun horrek arreta goiztiarrean alegatu duen lan-eskarmentua.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 14a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2020R-135-20 Ebazpena, 2020ko azaroaren 30ekoa. Horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Foru Sailari gomendatzen zaio ikuspegi materialetik baloratu dezala logopeda-lanpostuak eskuratzeko interesa duen pertsona batek arreta goiztiarraren arloan alegatutako lan-esperientzia.