ARARTEKOAK BUKATU DU BERE IKERKETA BAKARRIK DAUDEN ADINGABE ATZERRITARRENTZAKO HARRERA-ZENTROEN EGOERAZ

2017an Arartekoak ofiziozko zenbait espediente ireki zituen, jakin nahi baitzuen zer egoeratan zeuden bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako hasierako edo larrialdietako harrera-zentroak, eta zer-nolako arreta ematen zaien zentro horietan. Hori dela eta, dagoeneko itxi du espediente horietako azkena.

Ubara (Gipuzkoa), Bideberrira (Araba) eta Zornotzara (Bizkaia) egindako bisitak uste eta nahi baino gehiago luzatu dira, izan ere, Arartekoak ikusi nahi zuen nola konpontzen zen Bizkaian mutil horiei ematen zaien arreta, 2017ko abenduko lehen egunetan Zornotzako zentroa erre eta hustu ondoren. Zentro hori berriz jarduten hasi zenean, 2018ko martxoan, erakunde honek azken bisita egin zuen eta, horren bitartez, amaitutzat jo zuen bere txostenerako datu-bilketa.

Hiru foru aldundien jarduerari dagokionez, lehendabizi esan behar da beraien lurraldeetara iristen ari diren mutil guztiak hartzen eta berehala artatzen ari direla, eta horiek tutoretzapean jartzen ari direla (haiek dakarten dokumentazioaren bidez edo fiskaltzaren agindu bidez) adin txikikoak direla egiaztatzen denean, legedian ezarritakoaren arabera. Ez da lan erraza aldez aurretik zenbat lagun etorriko diren ezin jakinda, horientzat beharrezko baliabide publikoak jartzea, are gehiago kontuan hartzen bada garai honetan gure lurraldera heldu diren mutilen kopurua bikoiztu egin dela iazkoaren aldean.

Orobat, ebazpenetan adierazi da adingabeen etorrera horien oinarrian dauden migrazio-prozesuak orokorrak, konplexuak eta erkidegoz gaindikoak (are gehiago, Estatuz gaindikoak) direla. Hala ere, nerabe horien eskubideak eta interes gorena aintzat hartuta, baita legeak euskal administrazioei beraien lurraldean kalteberatasun egoeran dauden adingabe GUZTIAK babesteko eman dien eskumena ere, Arartekoak arretaren kalitatean hobekuntzak egin daitezen gomendatu du, eta zentro bakoitzerako hobekuntzak zehaztu ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 11a