ARARTEKOAK BUKATU DU BERE JARDUERA LANBIDEREKIN ZERIKUSIA ZUEN KEXA BATEAN. BERTAN SALATU ZENEZ, LANBIDEK UKO EGIN ZION AURRETIAZKO HITZORDUETARAKO DOAKO TELEFONO-ZENBAKI BAT EMATEARI

Herritar batek kexa azaldu zion Arartekoari, Lanbideren Gasteizko bulego batean ez baitzioten ematen doako telefono-zenbaki bat aurrez hitzordua lortzeko.

Informazioa eskatu ondoren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak erantzun zuen Lanbide zerbitzua berritzen ari dela eta abian jarri duela, zenbait fasetan, arreta emateko eredu berri bat, kexan aipaturiko bulegoan oraindik ezarri ez dena.

Eredu horren arabera, hitzorduak hiru bide erabiliz egin daitezke: enplegu bulegoak, telefono-arretarako dei-zentroa edo LanbiTEL eta web orria.

Arartekoak sarritan adierazi izan du kezkatuta dagoela Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik herritarrak artatzeko erabili den sistemarengatik. Eta oraindik ere uste du komenigarria litzatekeela beste arreta-eredu bat ezartzeko bidean aurrera egitea, pertsona guztiei tratu bertsua emateko, eskaera zein bulegotan egiten den alde batera utzita.

2017ko diagnostiko-txostenean, Arartekoak eskatu zuen aintzat har zedila "aurretiazko hitzorduetarako doako telefono-zenbakia ezartzeko aukera, erabiltzaile guztiek ez baitute kosturik gabeko tarifarik".

Lanbidek erantzun du harremanetan jarriko dela Eusko Jaurlaritzaren informatika eta telekomunikazio Zuzendaritzarekin, hark baitauzka kontratatuta telefono-zenbakiak, oraingo zenbakiak galdu gabe tarifak aldatzeko aukerarik ba ote dagoen aztertzeko.

Horregatik, Arartekoak bukatu du gai horretan izan duen esku-hartzea, Lanbidek arretarako eredu berria abiarazi duela eta tarifa-aldaketa ahalbidetu nahi duela jakin ondoren. Hala ere, administrazio horrek hartu duen konpromisoaren bilakaera aztertuko dugu.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 11


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2019NI-1426-16 Ebazpena, 2019ko maiatzaren 27koa. Horren bitartez, Lanbideko bulego batek hitzordua eskuratzeko doako telefono-zenbakia jakinarazi ez izana salatu zuen kexa baten harira egindako esku-hartzea amaitu da.