Arartekoak bukatu du etxebizitzak eta eraikinak birgaitu eta irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa sustatzeko laguntza ekonomikoen izapidetzeari buruzko zenbait kontsultari erantzun ez izanagatik kexa baten harira egindako jarduketa

Oinordekoen aldeko mortis causa transmisioek ez dute eragingo emandako laguntza ekonomikoak itzuli beharra

Herritar batek Arartekora jo zuen Arabako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzak ez zielako erantzun etxebizitzak eta eraikinak birgaitu eta irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa sustatzeko laguntza ekonomikoen administrazio izapidetzeari buruzko hainbat kontsultari. Kexagileak azaldu zuen 2022ko irailean Arabako Etxebizitzako lurralde ordezkariak etxebizitza modu isolatuan birgaitzeko itzuli beharrik gabeko 8.000 euroko dirulaguntza eman ziola 87 urteko bere amari.

Hala ere, emakidaren ebazpenean bertan ezarri zen emandako laguntza ekonomikoa 6.000 eurokoa edo gehiagokoa izanez gero, dirulaguntza itzuli egin beharko zela 10 urteren buruan etxebizitzaren titulartasuna aldatuz gero.

Informazio hori ikusita, kexagileak betekizun horren inguruko informazioa idatziz eman ziezaiotela eskatu zuen. Izan ere, emakida ebazpenean jasotako edukitik badirudi ulertu behar dela etxebizitza mortis causa oinordekoei transmitituz gero, orduan jasotako laguntza ekonomikoa itzuli egin beharko litzatekeela.

Ez zenez erantzun idatzirik jaso, kexagileak zenbait telefono dei egin zituen, etxebizitza mortis causa transmititzearen ondorio juridikoak argitze aldera. Hainbat saiakera egin arren, kexagileak azaldu zuen informazio kontraesankorra jaso zuela. Horrez gain, adierazi zuen ez ziotela erantzun idatzirik eman. 

Erreklamazioa izapidetzeko onartu zen 2023ko maiatzean, eta Arartekoak Sailaren lankidetza eskatu zuen. Bidalitako txostenean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak baieztatu du ekainean zegokion erantzuna bidali ziola kexagileari eta telefono-kontsultak behar bezala erantzun zirela. Hala ere, Arabako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzak onartu du bi kasuetan igorritako erantzunetan existitzen den araudia jakinarazi besterik ez zela egin, eta ez zirela azaldu laguntza ekonomikoa jaso dezaketen pertsonen errealitatearekin bat etor daitekeen interpretazio irizpide bat finkatzeko Etxebizitza Sailburuordetzak hartutako neurriak.

Arartekoak positibotzat jotzen du Etxebizitza Sailburuordetzak egindako interpretazioa, baina, era berean, beharrezkotzat jotzen du aipaturiko interpretazio-irizpidea behar bezala jakinaraztea, eskura dituen baliabideen bitartez, eta informazio hori laguntza ekonomikoak aitortzeko ebazpenetan jasotzea.

Hori dela eta, Arartekoak espediente hau itxiko du, egiaztatu baitu, azkenean, Etxebizitza Sailburuordetzak interpretazio irizpide bat ezarri duela; irizpide hori dela medio, oinordekoen aldeko mortis causa transmisioek ez dute eragingo emandako laguntza ekonomikoak itzuli beharra.

Gainera, adierazi du 2021eko uztailaren 21eko Aginduko edukia ahal bezain azkar aldatzea komeni dela, etxebizitzak eta eraikinak birgaitu eta irisgarritasun eta efizientzia energetikoaren arloan araudi aplikagarriari behar duen segurtasun juridikoa emate aldera.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 10a