ARARTEKOAK BUKATU DU IÑIGO CABACASI ETA XUBAN NAFARRATERI BURUZKO OFIZIOZKO ESPEDIENTEA

Arartekoak bukatu du Ertzaintzaren bi jardueraren gainean hasi zuen ofiziozko espedientea. Jarduera haietan Iñigo Cabacas eta Xuban Nafarrate heriotza eragiteraino eta larriki zauritu zituzten, hurrenez hurren.

Espediente horren bidez, Arartekoa egiaztatzen saiatu da zenbateraino bete den Arartekoaren urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorra, poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistemari buruzkoa batik bat barne-ikerketari eta indarra erabiltzeari dagokienez. Era berean, argitu nahi izan du zer neurri hartu diren horrelako gertakari larririk berriro gerta ez dadin.

Arartekoak ez ditu onartu Herrizaingo Sailak lehendabizi eta Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailak gero egin zituzten alegazioak euskal Ombusmanak bi polizi jarduera horietan bere eginkizunak bete ez zitzan. Arartekoaren ustez, bere jarduera, gauzatu den moduan, prozedura judizialekin bateragarria da eta haien osagarria, eta, horrela izanik, legearen erabateko babesa du. Beraz, Euskadiko Defentsa-erakundeak kaltegarritzat jo behar du sail horren laguntzarik eza, ez baitio eman Arartekoari ardura zitzaizkion gaien gaineko informazio nahikorik eta, hortaz, ez baitu bete erakunde honekin lankidetzan aritzeko duen legezko betebeharra.

Iñigo Cabacas heriotza eragiteraino zauritu zuten polizi jardueraren barne-ikerketa goiz hasi zen ¿hori ontzat jo behar du Arartekoak . Hala ere, ez da justifikatu ikerketa hori alderdikeriarik gabea izan ote den, ezta horren edukia gertakariak argitzeko egokia eta nahikoa izan ote den ere. Gainera, ikerketa bertan behera utzi zen instrukzio judiziala hasi zenean, eta erabaki hori ez dago behar bezala justifikatuta. Xuban Nafarrateren kasuan, inon ez dago idatziz jasota ikerketarik egin denik ere.

Herrizaingo Sailak ez du justifikatu bi polizi jarduera horietan baliatutako istiluen kontrako materiala erabiltzean egokitasun, premia eta proportzionaltasun printzipioak bete ziren. Orobat, ez du justifikatu indarraren eta material horren erabilerak barne-kontrolik izan zuen, ezta ertzainek material hori erabiliko zutela aurretiaz adierazi zuten ere. Justifikazio falta horrek ondorio hau aterarazi dio Arartekoari: ez direla bete erakunde honek barne-ikerketa egiteko premiaz eta indarraren erabilera kontrolatu beharraz egin zituen gomendioak.

Arartekoak polizi arduradunei eskatu die berriz has dezatela Iñigo Cabacas zauritu zuten polizi jarduerari buruzko ikerketa. Oraindik halakorik egin ez badute, Xuban Nafarrete zauritu zutenean burututako jarduera ere ikertu behar dute. Bi kasuetan, ikerketak sakona, zehatza eta alderdikeriarik gabea izan behar du, eta kaltetutako bi familiei informazio zehatza, ahalik eta xehetasun gehienekoa eman behar zaie poliziaren esku-hartzeen gainean.

Geroan poliziaren esku-hartzeen ondorioz heriotzak edo zauri larriak gertatzea eragozteko, Arartekoak eskatzen du honako neurri osagarriok har daitezela:

1- Bizitzeko eskubidearen errespetua eta babesa ezar dadila polizi jardueraren lehentasun gorentzat.
2- Gomazko pilotak erabiltzearen debekua Brigada Mugikorrera eta Herritarren Segurtasuna Indartzeko Unitatera ere zabal daitezela.
3- Indarraren erabilera oro har arautu dadila, jarraibide zehatzak eta xeheak emanez.
4- Istiluen kontrako materiala erabiltzeari buruz, jokabide jakin batzuk ezar daitezela, gure inguruan eskubideak ongien bermatzen dituzten polizia-sistemak eta giza eskubideen nazioarteko eta Europako erakundeek emandako jarraibideak kontuan hartuta.
5- Materiala kontrolatzeko mekanismoak abiaraz daitezela, agente bakoitzak erabili duen materiala identifikatu ahal izateko eta, hala badagokio, haren erabilerak dakartzan banakako erantzukizunak argitzeko.
6- Indarkeriarik gabeko metodoen erabilera bultza dadila indarraren erabileraren ordez, eta metodo horiek polizien prestakuntzan sar daitezela.
7- Giza eskubideetan, indarraren erabileran eta istiluen kontrako materialaren erabileran etengabeko prestakuntza eman diezaietela material hori erabiltzen dutenei.
8- Lesioak edo heriotza sor ditzakeen istiluen aurkako materiala murriztu dadila, eta indarra erabiltzeaz irizpide are murrizgarriagoak ezar daitezela jendetza pilatzen den tokietan sortutako indarkeriazko gertakarietan, gertakari horiekin zerikusirik ez duten pertsonak daudenean.
9- Ahal den guztietan, aldez aurretik eta garaiz ohartaraz dadila indarra erabiliko dela.
10- Polizi jardueren barne-ikerketak honako helburuok beteko dituela ziurta dadila: gertakariak argitzea, kontu ematea, halakorik berriz gertatuko ez dela bermatzea eta biktimei erabateko ordaina ematea.
11- Ikertzeko mekanismo independenteak ezar daitezela gertakariek bizitzeko eskubidean eta osotasun fisikorako eskubidean eragiten dutenean edo oinarrizko eskubideak larriki urratzen direnean, baita ere arma hilgarriak erabiltzen direnean, gure inguruko herrialdeetako praktikarik onenak kontuan hartuta.


Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 4a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren ebazpena, 2012ko azaroaren 30koa. Horren bidez, Ertzaintzak Bilbon eta Vitoria-Gasteizen izan zituen bi esku-hartzeen ondorioz hasitako ofiziozko espedientean egin duen jarduera bukatzen da. Esku-hartze haietan, bi gazte heriotza eragiteraino eta larriki zauritu zituzten, hurrenez hurren.