Arartekoak CEAR-Euskadiko presidentea, Javier Galparsoro, proposatu du Aurora Prize 2017 sarirako

Javier Galparsoro CEAR-Euskadiko (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin) presidentea da eta 20 urte baino gehiago daramatza erakunde horretan lanean.

Bere lan goraipagarria eta koherentzia lagungarriak izan dira gizartea errefuxiatuen aurrean kontzientziatzeko eta harmena lantzeko. Hala, bere gogoetek harrera ona izan dute Euskadin eta, horrela, praktikan, haren bitartekaritzari esker pertsona zehatzen zaurkortasun egoerak konpontzea lortu da, euren bizi-baldintzak hobetuz.

Europan milaka iheslariren egoera larria aintzat hartuta, Arartekoak uste du CEAR-Euskadiko presidenteari izen handiko sari hori emateak zera lortuko lukeela: alde batetik, CEAR-Euskadi eta bere presidentearen jarduerak errefuxiatu askoren bizitzen hobekuntzan izan duen eragina aitortzea eta, bestetik, munduaren arreta errefuxiatuek pairatzen duten zorigaitzean mantentzea.

Aurora Prize for Awakening Humanity saria 100 LIVES izeneko mundu mailako ekimen aitzindariak sortu zuen, orain dela mende bat, Armeniako genozidioan zehar armeniarrek bizirik iraun zezaten lagundu zuten pertsonei esker ona erakusteko. 100 LIVES delakoak giza-espirituari omenaldia egiten dio, eskuzabaltasun espiritu bera erakusten duten pertsona zein erakundeei lagunduz, horiei esker askok bizirik iraun eta aurrera egiten baitute gaur egun.

Sari horrek baloratzen du izendatutako pertsonaren ekintzek zein neurritan erakusten duten honakoa:

· Bizirik irauten laguntzeko asmo esplizitua.
· Bizirik irauten laguntzeko parte-hartze zuzena.
· Balio moralekiko konpromisoa, hala nola, zuzentasuna, askatasuna, justizia, zintzotasuna, egia, erantzukizuna eta errukia.

Ondorengoak dira Hautapen Batzordeko kideak: Elie Wiesel (Bakearen Nobel saria), George Clooney (aktorea, ekintzailea eta kofundatzailea), Vartan Gregorian (kofundatzailea eta Carnegie Institutuko presidentea) eta Leymah Gbowee (Bakearen Nobel saria).

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 12a


Lotutako dokumentazioa

Aurora Prize proposamena Aurora Prize proposamena