ARARTEKOAK DONOSTIAKO UDALARI GOMENDATU DIO BERRIZ AZTER DEZALA AUTOBUS-GELTOKI BERRIAREN PROIEKTUA, DITXOETARAKO AURREIKUSI DEN DISEINUAK IRISGARRITASUN UNIBERTSALAREN PRINTZIPIOA BERMA DEZAN

Elkartu elkarteak esku hartzeko eskatu zion Arartekoari, Donostian eraikitzen ari den autobus-geltoki berria ustez ez baita irisgarria mugikortasun urriko pertsonentzat.

Adierazi zutenez, udal ordezkariekin egindako hainbat bileratan, beraien proposamenak azaldu zituzten, irisgarritasun arloan indarrean dagoen araudia beteko dela bermatzeko.

Horren gainean, adierazi digute ez daudela ados geltokiko ditxoetarako aurreikusi diren neurriekin. Izan ere, ez dituzte betetzen indarreko legerian ezarritako xedapenak, eta eragotzi egiten dute mugikortasun urriko pertsonek seguru eta beren kabuz ibilgailura igo eta jaistea.

Lehen azterketa egin ostean, iruditu zitzaigun estazioaren proiektuaren proposamenak adierazita dagoen moduan urratu egin ditzakeela jada ezarrita dauden irisgarritasunaren eta diseinu unibertsalaren printzipioak.

2011n, Arartekoak izenburu hau zuen txosten berezia aurkeztu zuen: EAEko garraio sistema publikoak duen irisgarritasunari buruzko diagnostikoa. Txosten horren bidez, EAEko garraio-sistema publikoaren gabeziak eta akatsak identifikatu nahi ziren, mugikortasun urriko pertsonen joan-etorrietarako segurtasunari eta funtzionaltasunari zegokienez. Txosten osoan, baita Arartekoaren eguneroko jardueran ere, irisgarritasun unibertsala sustatzearen aldeko ikuspegia bultzatzen dugu, denontzako diseinua abiapuntu hartuta.

Horregatik, Donostiako Udalari gomendatu diogu berriz azter dezala izapidetzen ari den autobus-geltoki berriaren arkitektura- eta jarduera-proiektua, ditxoetarako aurreikusi den diseinuari dagokionez.

Era berean, irisgarritasun unibertsalaren printzipioa bermatzeko asmoz, aldaketa bat onar dezala eskatu diogu, gure legerian xedatutako irisgarritasun-baldintza teknikoak egokituz. Horrela, eraikin nagusia, ibilbide iristerraz batzuen bitartez, ditxoetako bakoitzarekin komunikatuta egongo dela bermatuko da, egiazko eskubide berdintasunaren printzipioa eta gizakien aniztasunari zor zaion begirunea aintzat hartuta.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 1a