ARARTEKOAK DONOSTIAKO UDALARI GOMENDATU DIO ERANTZUN DIEZAIELA KALE BAT ZIRKULAZIORAKO IXTEARI BURUZ EGINDAKO IDAZKIEI

Pertsona batek kexa azaldu zion Arartekoari. Izan ere, Donostiako Alkainbide kalea 2019ko azarora arte itxi zen, partikularren lanak egiteko; hori zela eta, zenbait idazki egin zizkion Donostiako Udalari, baina udalak ez zien erantzun, eta kexagilea ez zegoen konforme jokaera horrekin.

2017ko irailean idazki bat egin omen zion udalari. Bertan eskatu omen zion batzorde bat eratu zedila, udaleko bertako ordezkariekin, hirigintza-jarduera burutzen ari zen eraikuntza-enpresarekin eta kalea ixteak kaltetutako auzokideekin, alde horretako hirigintza-lanak nola egin aztertzeko, bertan bizi direnei eta herri-bidearen erabiltzaileei ahalik eta gutxien eragin ziezaieten.

Idazki hura berandu iritsi zen, bada, egun berean, kalea zirkulaziorako itxi zuten eta, handik gutxira, oinezkoentzako sarbidea ere itxi zuten, Beloka pasealekutik Aldapeta kaleraino. Horregatik, egun batzuk geroago berriro egin zuen eskaera, eragindako alde guztientzat konponbide egokia aurkitu ahal izateko, izan ere, bere ustez, neurri hori gehiegizkoa zen, sortzen zizkien eragozpenak kontuan hartuta.

Arartekoak informazioa eskatu zion udalari, eta hark txosten tekniko batzuk igorri zizkion. Agiriak aztertu ondoren, erakunde honek argibide gehiago eskatu zituen.

Arartekoak ez du eskaera horren inguruko erantzunik jaso. Kexagileak ere ez du inolako erantzunik jaso udalari egin zizkion idazkien gainean.

Kalea ixteak kaltetutako auzokideen erreklamazioei administrazioak erantzun ez dionez gero, administrazioa oker jarduten ari da. Horregatik, Arartekoak Donostiako Udalari gomendatu dio arrazoi bidez erantzun diezaiela Alkainbide kalea zirkulaziorako eta oinezkoentzako ixteari buruz interesdunak egin zizkion eskaerei, eta, hala badagokio, beharrezko neurriak har ditzala kale hori erabiltzen dutenentzat ibilbidea errazteko.
.


Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 27a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2019R-2560-17 Ebazpena, 2019ko maiatzaren 9koa. Horren bidez, Donostiako Udalari gomendatzen zaio erantzun arrazoitua eman diezaiela kale bat ibilgailuen nahiz oinezkoen zirkulazioari itxi izanaren inguruan aurkeztutako idazkiei.