Arartekoak Ermuko Udalari gomendatu dio bete dezala Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak emandako ebazpena

Era berean, eskatu dio erantzun diezaiola administrazioaren jarduerarik ezaren zergatia jakiteko asmoz erakunde kexagileak gero egindako eskaerari

Herritar batek, Alianza Contra la Corrupción elkartearen izenean, Arartekoari azaldu zion informazio publikoa lortzeko eskaera egin ziotela Ermuko Udalari, baina hark ez ziela erantzun, ez informaziorik eman ere, eta ez zeudela ados jokaera harekin.

Elkarte kexagileak udalaren agiri publikoetarako sarbidea eskatu zuen, baina udalaren erantzunarekin ados ez zegoenez gero, egokia iruditu zitzaion Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari kexa bat egitea. Kontrol-organo hark ebazpen bat eman zuen eta, haren arabera, udalak epe jakin batean eman behar zuen informazio hura.

Ebazpena bete ez zenez gero, elkarteak beste idazki bat bidali zion udalari, agiriak emanarazteko, baina idazki hari ere ez zitzaion erantzun. Azkenean, elkarteak Arartekoari babesa galdegin zion, bere eskubideak defendatzeko.

Hala, Arartekoak Ermuko Udalari bidalitako ebazpenaren bidez, gomendatu dio bete dezala Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak agindutakoa, organo horrekin lankidetzan aritzeko, gardentasunarekin, informazio publikorako sarbidearekin eta gobernu onari buruzko arauekin konpromisoa erakusteko eta, horrela, herritarren partaidetza indartzen duen eskubide bat babesteko, jakiteko eskubidea hain zuzen.

EBAZPENA 

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 16a