Arartekoak Etxebizitza Sailari gomendatu dio beharrezko neurriak har ditzala beren seme-alaben zaintza partekatuta duten guraso bananduak edo dibortziatuak etxebizitza eskatzaile gisa inskribatu ahal izan daitezen

Bere alaben zaintza partekatua duen herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados “Etxebide” Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroan bere inskripzioari baja eman izanarekin. Azaldu zuenez, 2015eko uztailetik, bi gurasoek bere alaben zaintza partekatuta dute eta habia-etxearen sistema izan zen judizialki berretsitako hitzarmen arautzailean itundutako araubidea, hau da, adostu zuten alabak familiaren bizilekuan biziko zirela eta gurasoek astero txandaka erabiliko zutela etxebizitza.

Orobat, haren esanean, etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa izena emanda zegoen 2019. urtetik, baina ez zioten proposatu etxebizitza-esleipenik.

Merkatu librean etxebizitza merkerik ez zegoela eta, 2022ko urrian, eskaera egin zuen araubide orokoreko babes publikoko etxebizitzak esleitzeko prozedura batean parte hartzeko, bere udalerrian. Hartarako, udal ordenantza baten bidez, interesdunen berariazko erregistro bat sortu zen, baina Alkatetza Dekretu bidez, bere parte-hartzea baztertzea erabaki zuten. Bien bitartean, kexagileak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren jakinarazpen elektroniko bat jaso zuela egiaztatu zuen, non jakinarazi baitzitzaion etxebizitza eskatzaile gisa zuen inskripzioari baja ematea erabaki zuela Bizkaiko lurralde ordezkariak. Izan ere, egiaztatu omen zuten ondasun higiezin baten jabekidea zela eta, hargatik, ez zela behar bezala frogatuta geratzen bere etxebizitza-premia.

2023ko urtarrilean, kexagileak berraztertzeko errekurtsoa jarri zion Etxebizitzako sailburuordeari, berriro azaldu zuen bere egoera, berriro esan zuen dibortziatuta zegoela eta zaintza partekatua zela hitzartutako araubide juridikoa. Era berean, harridura erakutsi zuen izena eman zuenetik baja emateko erabakia hartu zen arte igarotako denboragatik, eta, izatez, adierazi zuen etxebizitza-eskatzaile gisa alta hartu ondoren, ez zuela inolako arazorik izan 2021ean izen-ematea berritzeko.

Familiaren etxebizitza txandaka erabiltzeak (alaben zaintza duten aldietan) esan nahi du urtean gutxienez sei hilabetean, kexagilearen bikote ohiak judizialki familia-etxebizitza gisa esleituta daukala kexagilea jabekide den etxebizitza, eta, beraz, aldi horretan beteko lituzkeela etxebizitza-premia frogatzeari buruzko baldintzak.
Eta alderantziz, bikote ohiak ere beteko luke arauz eskatutako etxebizitza-premiaren baldintza hori, jabekide den familia-etxearen erabilera kexagileari dagokion sei hilabetean.

Hortaz, Arartekoaren ustez, arauaren helburua aintzat hartzen duen interpretazioa eginez gero (arau horrek etxebizitzarik ez izateko baldintza salbuesteko kasuak arautzen ditu, banantze edo dibortzio kasuetan), errentamendu-erregimeneko etxebizitza babestua eskuratzeko aukera onartu beharko litzaieke bananduei edo dibortziatuei, baldin eta familia-etxebizitza aldizka erabiltzea esleitu bazaie judizialki. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gomendatu dio beharrezko neurriak har ditzala beren seme-alaben zaintza partekatuta duten guraso bananduak edo dibortziatuak errentamendu-erregimeneko etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa inskribatu ahal izan daitezen.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 27a