Arartekoak Euskal Herriko Unibertsitateari gomendatu dio unibertsitate-irakaskuntza guztietara zabal dezala Hezkuntza Premia Bereziak dituzten UPV/EHUko Ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko Arautegiaren aplikazio-eremua

Arartekoak EHUko ikasle baten kexa-idazkia jaso zuen. Ikasle horrek %82ko desgaitasun fisikoa duenez gero, hezkuntza-laguntzako teknikari bat behar du bere unibertsitate-ikasketak gainontzeko ikasleek bezala egin ahal izateko.

Interesdunak azaldu zuen hezkuntza-laguntzako teknikaria izan zuela Gizarte Laneko Gradua egin zuen lau urteetan, eta Gizarte Zerbitzuen Kudeaketa eta Berrikuntzako masterra ikasteko berriro laguntza hori eskatu ondoren, eskaera ezetsi egin zutela, Hezkuntza-premia bereziak dituzten UPV/EHUko ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko Arautegian ezarritakoaren arabera.

Ezesteko ebazpenean adierazi zenez, laguntza hura graduondoko titulu jakin baterako eskatu zen, eta titulu hori berezkoa denez gero, arautegi horretan ezarritakoaren arabera, ez zegokion hezkuntza-laguntzako teknikaririk, ez baita titulu ofiziala. 

Arartekoak laguntza eskatu zion EHUri eta hark txosten bat bidali zion, non, besteak beste, honako hau jakinarazi zuen: “El derecho a solicitar a la UPV/EHU la dotación de recursos a los estudiantes con discapacidad y/o necesidades educativas especiales está, como el ejercicio de cualquier derecho, sometido a límites”.

Unibertsitateak hauxe gaineratu zuen: “El reconocimiento del derecho a los y las estudiantes con discapacidad y/o necesidades educativas especiales matriculados en titulaciones propias de la UPV/EHU a disponer de medios, apoyos y recursos no solo comprometería seriamente la sostenibilidad del actual sistema de atención y apoyo a las personas con discapacidad y/o necesidades educativas especiales, sino que además haría inviables la continuidad del propio sistema de Enseñanzas Propias”.

Hala ere, Arartekoaren ustez, eskatutako laguntza ez emateak ikasle horri galarazi egiten dio ikasi duen titulazioarekin (Gizarte Laneko Gradua) lotuta EHUk ematen duen espezializazio bakarra ikastea. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aukerak bermatzeko indarreko arautegian ezarritakoaren arabera, ikasle horrek behar duen laguntza ukatzea desgaitasunagatik diskriminatzeko modu bat da.

Horregatik, Arartekoak EHUri gomendatu dio unibertsitate-irakaskuntza guztietara zabal dezala Hezkuntza Premia Bereziak dituzten UPV/EHUko Ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko Arautegiaren aplikazio-eremua, izan ere, horrela bermatu egingo litzateke desgaitasuna duten ikasleek ikasketa horiek berdintasun-egoeran egitea.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 21a