ARARTEKOAK EUSKARALDIAN PARTE HARTZEN DU ETA PANDEMIA GARAIAN HIZKUNTZA-ESKUBIDEAK ZEIN GARRANTZITSUAK DIREN OHARTARAZTEN DU

Ararteko erakundeak aktiboki eta ofizialki parte hartuko du gaur hasi den Euskaraldiaren edizio berrian.

Euskaraldiaren helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea da, herritarren hizkuntza-ohiturak aldatuz. Edizio berri honetan, banaka parte hartu ahal izateaz gain (ahobizi edo belarriprest rolen bidez), taldeka ere esku har daiteke, ariguneen bitartez; gune horiek une oro bermatzen dute euskaraz mintzatzeko aukera, erakunde barruan nahiz herritarrekin dituzten harremanetan.

Arartekoko langileak aktiboki parte hartzen dute Euskaraldiaren edizio berri honetan eta guztira 6 arigune sortu dituzte bere hiru bulegoetan.

Gure ustez, honelako ekimenak funtsezkoak dira euskara normalizatzeko bidean, eta Arartekoa Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkarteko (IALC-International Association of Language Commissioners) kide denez gero, jarduera horren berri emango du nazioartean ere.

Bestalde, hizkuntza-eskubideei dagokienez, Arartekoak bere kezka agertu nahi du pandemia garaian eskubide horiek urratu direlako. Izatez, erakunde honek jakin du euskaraz artatua izateko eskubidea ez dutela aintzat hartu zerbitzu publiko batzuetan azken hilabeteotan.

Arartekoak gogora ekarri nahi du Europako Kontseiluak berak ohartarazi zuela zein garrantzitsua den pandemia-garaian tokian tokiko hizkuntzak erabiltzea. Norberak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean hitz egiteko eta artatua izateko eskubidea ezin da jo, inolaz ere, bigarren mailako eskubidetzat.

Hizkuntza-eskubidea beste osagai bat bezala hartu behar da kalitateko zerbitzu publikoa eskaintzean, batez ere osasun-zerbitzuan, horretan funtsezkoak baitira gertutasuna, konfiantza eta zainketa. Ildo horretan, Arartekoak nabarmentzen du oso garrantzitsua dela gure erkidego elebidunean harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz gauzatu ahal izatea.

Arartekoaren iritziz, agintariek ere erantzukizuna dute pandemiari eta larrialdi-egoerari buruzko mezu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz helaraziko direla bermatzeko orduan, hizkuntza-eskubidea bigarren mailara bazter ez dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 20a