Arartekoak gaitzetsi egiten du igandean Basaurin egindako eraso homofoboa

Arartekoak gaitzetsi egiten du joan den igandean (ekainak 6) Basaurin (Bizkaia) egin zen eraso homofoboa. Eraso hori gazte batek salatu zuen eta orain Ertzaintza ikertzen ari da. Bere bikotekidearen esanean, irainak eta errietak jasan ondoren, gazte horri 13 gizonek egin zioten eraso, "maritxu zikina" oihukatuz, kolpe, ukabilkada eta ostikoak joz eta hura bultzatuz, herri horretako Bizkotzalde parkean. Zentzurik gabe utzi zuten, ahotik eta sudurretik odola zeriola; horregatik, ospitalera eraman behar izan zuten.

Arartekoak biziki arbuiatzen ditu gertakari horiek, onartezinak baitira demokrazia aurreratu batean, eta bat egiten du Basauriko Udalak egintza horiek zeharo gaitzesteko aho batez egin duen jakinarazpenarekin. Eskubideak defendatzeko erakunde honek hauxe gogorarazi nahi du: giza eskubideei eta pertsonen sexu-joerarako askatasunari zuzenean eraso egiten dieten horrelako ekintza bandalikoek erakusten dute homofobia, tamalez, oraindik bizirik dagoela gure gizartean eta botere publikoen eta gizartearen jarrera proaktiboaren bitartez bakarrik deuseztatu ahal izango dela, irmo defendatuz sexu-aniztasuna eta denek beren sexualitatea askatasun osoz bizitzeko eta azaltzeko duten eskubidea, arrazoi horregatik gaitzespenak edo erasoak pairatzeko beldurrik izan gabe.

Era berean, gay eta lesbiana guztiei adierazi nahi die ez dezatela ametitu beren askatasuna horrelako eraso lesbofobo eta homofoboen bitartez murriztu dezaten, eraso txikiak izan arren, eta agintari publikoei jakinaraz diezaietela beren sexu-joeragatik nozitzen duten bereizkeriazko edozein ekintza, gorroto-adierazpen edo gorroto-ekintza.


Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 10a