ARARTEKOAK GASTEIZKO UDALARI ESKATU DIO 2017KO OPORRETAKO PROGRAMA HOBETZEKO AURREIKUSI DUEN PROZESUAN, AZTER DEZALA HEZIKETA BEHAR BEREZIAK DITUZTEN NESKA-MUTILENTZAKO PLAZEN ERRESERBARI EUSTEKO AUKERA

Heziketa-behar bereziak dituen nerabe baten amak jardun zezala eskatu zion Arartekoari, ez baitzegoen ados Gasteizko Udalak 3 eta 17 urte bitarteko pertsonentzat udako oporraldiko jardueretarako plazak esleitzeko ezarrita daukan sistemarekin.

Udaleko jardueren eskaintza horretara aurkeztu zen semea. Zozketa bidez esleitzen dira plazak, eta, zozketa horretan, aurreikuspenei jarraiki, eskainitako plazen %6 gordetzen zaie heziketa behar bereziak dituzten eta baldintza hori egiazta dezaketen pertsonei.

Izen-emateko prozesuak hiru zati dauzka:
1. zozketan parte hartzeko eskaera;
2. plazak formalizatzea, zozketa bidez esleitu ondoren;
3. plaza libreen eskaera eta formalizazioa, zozkatu diren plazak formalizatu ondoren. Horietan, aurreko faseetan parte hartu dutenek nahiz lehen aldiz egiten dutenek har dezakete parte.

Kexagileak azaldu zuenez, heziketa behar bereziak dituzten pertsonentzat gordetako plazen zozketan parte hartzeko eskaera aurkeztu zuen bere semeak. Zozketa bidez ez ziotenez plazarik esleitu, zozkatutako plazen formalizazio aldia amaitu arte eta plaza libreak zeuden ala ez argitaratu arte itxaron zuen. Heziketa behar bereziak dituzten pertsonei gordetako plaza huts bat zegoela egiaztatu zuenean, bertara joan zen hirugarren fasearen epea ireki zen egunean, semearentzako plaza eskuratzeko xedez.

Epea ireki eta hiru minutu ere igaro ez zirenean, heziketa behar bereziak dituzten pertsonentzat gordetako plaza formalizatzeko eskuragarri ez zegoela baieztatu zuen kexagileak. Azaldu ziotenaren arabera, programa informatikoak plaza libre bihurtzen ditu plaza guztiak hirugarren fasean, eta ez du errespetatzen behar bereziak dituzten pertsonentzako plazen erreserba. Horrela, bada, dirudienez, semeak ezin izan zuen hutsik geratutako plaza eskuratu, baina ez heziketa behar bereziak dituen beste batek lehenago formalizatu zuelako, programa informatikoak hirugarren fasean plaza perfilatua galtzea eragiten duelako baizik.

Beste alde batetik, adierazi zuen ez zegoela ados heziketa behar bereziak dituzten pertsonen kasuan eskaerak aurkezteko prozedurak mugatuagoak izatearekin. Kasu horietan, aurrez aurre egin behar da eskaera, nahitaez aurkeztu behar baita egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioa. Gainerako eskatzaileek udalaren web orriaren bidez edo telefono bidez ere aukez dezakete eskaera.

Gure ustez, heziketa behar bereziak dituzten neska-mutilentzat plazen % 6 gordetzea ekintza positiboko neurria da, adin txikiko horiek hiriko bizitza sozialean, hezkuntzakoan eta kulturalean erabat har dezaten parte, udako aisialdi programen bidez. Beraz, arrazoizkoa dirudi administrazio horrek plazak esleitzeko ezarri duen esleipen- eta formalizazio-prozesu osoan zehar eusteak aipatu neurriari, prozesuaren une batean ere ez dadin gal gordetako plaza profila.

Horregatik, Gasteizko Udalari gomendatu diogu 2017ko oporretako programa hobetzeko aurreikusi duen prozesuan, azter dezala plazak esleitzeko prozeduraren fase guztietan heziketa behar bereziak dituzten neska-mutilentzako plazen erreserbari eusteko aukera.

Baita, plaza guztiak esleitu ondoren, plaza libreak hutsik geratuko balira eta heziketa behar bereziak dituzten pertsonak erreserbatutako plazetara iritsi gabe geratuko balira ezarritako kupoa gainditu delako, plaza libreak eskuratzeko aukera izan dezatela horiek, behar dituzten laguntza guztiekin; beti ere, aukeratu den jarduera hori bere beharrekiko egokia bada.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 24a