ARARTEKOAK GOMENDATU DU KOORDINAZIO SOZIOSANITARIOAN SAKONTZEN JARRAI DADILA, BAT-BATEAN GERTATUTAKO MENDEKOTASUN EGOEREI ERANTZUTEKO

Ebazpen batean, Arartekoak Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari gomendatu dio lanean jarrai dezan gizarte eta osasun alorreko koordinazioa hobetzeko, batez ere zerbitzuen zorroa zehaztuz eta baliabide gehiago eta askotarikoak jarriz, bat-bateko mendekotasun egoerei erantzuteko.

Zenbait herritarrek, istripu, traumatismo, kirurgia ebakuntza, eta abarren ondorioz, eguneroko bizimoduan oinarrizko jarduerak beren kabuz egitea mugatzen dieten lesio larriak izan zituzten. Pertsona horiek nekez eskura ditzakete egoera horretan lagunduko lieketen zerbitzu eta prestazio publikoak. Horregatik, kexak egin zizkioten Arartekoari, eta erakunde honek, horiek aintzat hartuta, ofiziozko jarduera bat hasi zuen.

Pertsona horiek azaltzen dutenez, laguntza behar izaten dute eguneroko jarduerak egiteko (ohetik altxatu, mugitu, jantzi, garbitu, jan, komunera joan¿), eta familiakoen laguntzarekin egin ditzakete, onenean ere. Era berean, senitartekoen laguntza behar izango dute errehabilitazio-zentroetara edo beste erakunde batzuetara joateko, bertan sartzea erraztuko liekeen aparkalekua erabiltzeko aukerarik gabe. Gainera, premiak aipatzen hasita, besteak beste, etxebizitza egokitzeko edo bizitza-kalitatea hobetzeko laguntza-produktuak (gurpil-aulkiak, garabiak¿) erosteko gastuei aurre egin beharko diete, eta, horretarako, diru kopuru handia ordaindu beharko dute aurretiaz.

Bestalde, gaixo horiek mediku-tratamendua eta -diagnostikoa jaso dute osasun-sistemaren barruan; hortaz, mediku-txosten osatua izaten dute, euren lesioak, askotan behin betikoak, aipatzen dituena.

Horregatik, euskal lurralde osoan arlo honetan nola jarduten ari den eta lurralde historiko bakoitzak zer bereizgarri dituen jakiteko, Arartekoak informazioa eskatu zien organo eskudun guztiei (foru aldundiei eta Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari).

Egoera hori gizarte-zerbitzuen sistemak ematen duen laguntzaren ikuspegitik aztertuta, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko Dekretuak mendekotasunaren (batzuetan, desgaitasunaren) balorazioarekin lotzen du pertsona horiei ematen zaien arreta, eskubidez dagozkien prestazio eta zerbitzuak eskuratu ahal izan ditzaten.

Premia dagoela irizteak eta preskripzio teknikoak erabakitzen dute Gizarte-zerbitzuak erabiltzeko eskubide subjektiboa. Horrek segurtasuna ematen die egiten diren esku-hartzeei, baina ofiziozko jarduera honen aztergai diren kasuetan, pertsonak babesik gabe uzten dituzte.

Esan digutenez, mendekotasunaren balorazioa amaitu arte, gaixoek eta beren senideek ez dute gizarte-arreta egokirik jasotzen, ezta zerbitzu edo prestazio lagungarririk ere. Zenbaitetan, gerta daiteke artatzeko ardura unitate soziosanitario batera bideratzea, baina daukagun informazioaren arabera, plaza gutxi daude eta ez dituzte premia guztiak asetzen. Bestalde, egoera horri erantzun ezberdinak ematen ari dira hiru lurralde historikoetan.

Arartekoaren ustez, pertsona horiek arreta soziosanitarioaren esparruan artatu daitezke eta, horregatik, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari gomendatu dio lanean jarrai dezan gizarte eta osasun alorreko koordinazioa hobetzeko, batez ere zerbitzuen zorroa zehaztuz eta baliabide gehiago eta askotarikoak jarriz, bat-bateko mendekotasun egoerei erantzuteko. Izan ere, horrela laguntza eman ahal izango da bai hemen azterturiko bat-bateko mendekotasun egoeretan, bai aldi baterako mendekotasun egoeretan (susperraldiak), baita bilakaera luzeko gaixotasun kronikoak larriagotzean ere, zainketa informalak nahikoak ez direnean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 2a