ARARTEKOAK GOMENDATZEN DU BERDINTASUN IRIZPIDEEN ARABERA EGIN DAITEZELA EREMU PUBLIKOETAKO KIROL LEHIAKETAK

Arartekoak gomendatu die Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari beharrezko neurriak har ditzatela Eskola Kiroleko Programaren barruan futbolean jokatzen den eremu publikoetan eta, bereziki, gizartean errazago ikusten direnetan, adibidez Kontxako hondartzan, gizonezkoen nahiz emakumezkoen lehiaketak berdintasun irizpideen arabera egingo direla bermatzeko.

Ebazpen horretan, Arartekoak uste du horixe dela modu bakarra eremu publikoak erabiltzean sexuagatik benetan egiten den bereizketa desagerrarazteko, baita ere emakumeek eta neskatoek egindako kirola gehiago ikusarazteko, kirol horren eremua zabaltzeko eta emakumezkoen jendaurreko presentzia areagotzeko.

Politika publikoak behar dituzten gainontzeko arloetan bezalaxe, eskola kirola sustatzean ere, botere publikoek genero-ikuspegia erabili beharra daukate, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren Legeak eta Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako Lege Organikoak ezarritakoaren arabera. Izan ere, politika publikoak diseinatu eta gauzatzerakoan, kontuan hartu behar da, hainbat arlotan, bi generoen presentziaren arteko orekarik ez dagoela. Desoreka hori, gizartean bi generoei esleitzen zaizkien itxaropen eta roletan dagoen sexismoaren ondorioa ez ezik, oztopo bat ere bada pertsonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko. Esparru horietako bat kirola da, bereziki, maskulinotuagoak dauden modalitateetan, futbolean kasu.

Arartekoak ontzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundia iritzi honekin bat etortzea: Eskola Kiroleko Programaren barruan futbolean jokatzeko antolatzen diren eremuetan, ezin da justifikatu sexuagatik erabilera bereizia egitea. Aldundiak ateratako ondorioa funtsezkoa da, baina, horrekin batera, berariazko neurriak hartu behar dira, eta ekintza positiboak burutu.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 5a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2013ko ekainaren 19ko ebazpena. Horren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari gomendatzen zaie futbolean aritzeko espazio publikoetan eta, bereziki, Kontxako hondartzan, neurriak har ditzaten eta txapelketa maskulinoak eta femeninoak berdintasun irizpideei jarrai joka daitezen