Arartekoak gomendio berria egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Bidegiren kudeaketa dela eta

Arartekoak eskatu dio azter dezala matrikulak eta banku-txartelak automatikoki lotzearen ondorioz, A-636 bidearen erabiltzaileak ez diren pertsonei kanona kobratzea, kobrantza bidegabeak saihesteko. Orobat, eskatu dio kanon hori erregulatzen duen araua alda dezala, datu pertsonalen tratamenduari segurtasun juridikoa eta zilegitasuna emateko

 

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen kexa batean, herritar bat kexu zen A-636 autobian, Beasain-Bergara zatian Bidegik egindako kanon kobrantzengatik. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak kanonaren bidesari- eta ordainketa-sistema elektronikoa soilik ezarri zuen errepide horretan, eta Bidegi foru sozietateari eman zitzaion hura ustiatu eta kobratzeko ardura.

Ordaintzeko moduetako bat hauxe da: erabiltzaile bat Zarautz edo Bergara hegoaldeko ordainlekutik pasatzen bada eta banku-txartelaz ordaintzen badu, matrikulak masiboki hartzeko sistema bat dago, banku-txartela ibilgailu horri lotzen diona eta datuak aldi baterako gordetzen dituena. Horrela, gero Beasain eta Bergara bitartean zirkulatzen bada, txartel horri egotziko zaio kargua, A-636 bideko arku elektronikoak matrikulak eta ordainbideak kontrastatzen dituelako. Aldundiak azaldutako ordainbide horretara jotzen du, baldin eta sistemak ez badu antzematen ViaT gailurik edo Bidegiren web gunean alta emandako matrikularik eta txartelik.

Kexagileak bidesaria bere banku-txartelaren bidez ordaindu zuen, baina bidaiari gisa zihoan berea ez zen ibilgailu batean. Hala, ibilgailu hark Beasain eta Bergara bitartean zirkulatzen jarraitu zuen, eta karguak kexagilearen txartelari egotzi zitzaizkion, nahiz eta berak egiaz bide hori ez erabili. Bidegiri erreklamatu zizkion kobrantza bidegabe haiek, baina foru-erakunde horrek adierazi zion norbanakoen arteko arazo bat zela. Arartekoaren ustez, administrazioak egiten du matrikula eta txarteletako atu pertsonalen tratamendua eta lotura automatikoa.

Kasu hori foru-araudian araututa ez dagoenez gero, Arartekoari egokia iruditzen zaio gomendatzea metodo hori aldez aurretik azter dadila, kobrantza bidegabeak saihesteko. Gainera, eskatu du arautu dadila administrazioak datu pertsonalak horrela hartzea, modu horri zilegitasuna emateko, helburu duen interes publikoan oinarrituta.

Bestalde, egindako jardueretan, ez zen antzeman Bide Azpiegituretako Departamentuaren datuak tratatzeko jardueren erregistrorik; horregatik, gomendatu zaio erregistroa argitara dadila, errazago kontsultatu ahal izan daitezen hartutako datu zehatzak eta kasuari aplikatu beharreko helburuak eta zilegitasuna.

Azken batean, Arartekoak administrazioari gomendatu dio azter dezala matrikulak eta banku-txartelak automatikoki lotzearen ondorioz, A-636 bidearen erabiltzaileak ez diren pertsonei kanona kobratzea, kobrantza bidegabeak saihesteko. Era berean, eskatu dio kanon hori erregulatzen duen araua alda dezala, datu pertsonalen tratamenduari segurtasun juridikoa eta zilegitasuna emateko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 31