Arartekoak Hezkuntza Sailari gomendatu dio berrazter dezala 2023-2024 ikasturteari begira adinagatik irakastorduak murrizteko egin diren eskaerak ezesteko erabakia. Interesdunek beren borondatez erretiroa har zezaketelako ezetsi ditu eskaera horiek

Hainbat pertsonak esku hartzeko galdegin zioten Arartekoari, izan ere, Hezkuntza Sailak erabaki zuen beraien kasuan ez aplikatzea adinagatik irakastorduak murrizteko figura. Figura horri esker, heren bat murriztu daitezke unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleek oro har duten irakastorduak, eta dagokion ikastetxearen zuzendaritzaren esku jarri behar dira murrizketaren ondoriozko orduak, murrizketa lortzen dutenei hark adieraz diezaien zer zeregin zehatz egin behar dituzten aldi horretan.

Kexagileek nabarmendu zuten murrizketa hori onartu zietela aurreko ikasturteetan, baina aurtengo ikasturteko eskaerak ez direla onartu, orain beren borondatez erretiroa hartzeko aukera dutela argudiatuz. Haien esanean, aurretiaz borondatezko erretiroa eskatuz gero, beren pentsioa ehuneko handi batean murriztuko litzateke, nahiz eta, kasu batzuetan, 40 urtetik gorako kotizazioa egiaztatu. Horrela, 63 urtetik aurrera irakas-lanaldi osora itzultzea beste aukerarik ez zuten, eta hori figura horren helburuaren kontrakoa iruditzen zitzaien. 

Arartekoak Hezkuntza Sailari eskatu zion jakinaraz zezala zer justifikazio juridiko zuen lan-baldintzak arautzeko Akordioa ez aplikatzeak, eta ea prest zegoen eskaerak ezesteko erabakia berraztertzeko. Adinagatik irakastorduak murrizteko aukera Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusita dago, ikastetxe publikoetako langileek egindako irakaslana aitortu eta balioesteko neurri gisa.

Erakunde honen ustez, ez dirudi erraz azal daitekeenik halako oinarria duen figura batek, 60 eta 63 urte bitartekoei oro har aplikatzean behintzat, oinarri hori galdu ahal izatea. Horregatik, Arartekoak Hezkuntza Sailari gomendatu dio berrazter dezala 2023-2024 ikasturteari begira adinagatik irakastorduak murrizteko egin diren eskaerak ezesteko erabakia. Interesdunek beren borondatez erretiroa har zezaketelako ezetsi ditu eskaera horiek.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 10a