Arartekoak hitzaldia eman du Nazioarteko Mintegi honetan: "Herriaren Defendatzailea: zuzenbidea eta demokrazia sendotzeko tresna"

Iñigo Lamarca arartekoa Herriaren defendatzailea: zuzenbidea eta demokrazia sendotzeko tresna izenburuko Nazioarteko Lehen Mintegian parte hartzen ari da Argentinan, La Plata herrian. Mintegi hori Buenos Aires Probintziako Herriaren Defendatzaileak eta Ombudsmanaren Latinoamerikako Institutuak antolatu dute.

Bere hitzaldian, "Pertsonen eskubideen gaineko arriskuak: Europako txoko batetik dugun ikuspegia" izenburu hartuta, arartekoa xenofobia areagotzeaz eta etorkinak gaitzesteaz mintzatu da: "fenomeno hori oso kezkagarria da eta gero eta maila gehiagotako biztanleengan zabaltzen ari da. Gizarteko eta laneko egoera gaizkitzearekin eta bizi-kalitatea eta segurtasuna gutxitzearekin du zerikusia, eta egoera hori erdi mailako gizarte-klasean eragiten ari da oraingo ekonomia- eta finantza-krisialdi honetan".

Lamarcak nabarmendu duenez, "gezurrezko informazioak hedatzen ari dira atzerritarren gizarte-gastuari buruz, eta honako ideia hau zabaltzen ari da: lana nahiz gizarte-laguntzak inorentzat baino lehenago bertakoentzat izan behar dutela, edo haientzat bakarrik, eta, horretarako, beharrezkoa balitz, etorkinak kanporatu beharko liratekeela edo herrialdean sartzea eragotzi beharko litzaiekeela".

Finantza-krisialdi honetan, Europako herrialde gehienetan gizarte-eskubideak argiro murrizten ari direla aipatu du, eta, beraz, gizarte-bazterketa eta desberdintasunak gehitzeko eta Estatu sozialak edo ongizate Estatuak atzera egiteko arriskuak agerikoak direla. Ondoren, hauxe adierazi du "defentsa-erakundeok ezin dugu ezer egin gabe gelditu demokraziaren oinarrizko muinari zuzenean eta argiro eragiten dioten errealitate horien aurrean".


Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 19a