ARARTEKOAK INGURUMENARI BURUZKO PARTE-HARTZE PUBLIKOKO FOROA SORTUKO DU

Ararteko erakundeak ekimen berriak bultzatu ditu herritarren eskubideak babesteko duen eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin. Zentzu horretan, Web 2.0 izenekoak gizarte-komunikaziorako eskaintzen dituen aukera teknologikoak direla-eta, oso tresna erabilgarria dela uste dugu. Izan ere, bide azkarrak eta eraginkorrak ezartzen ditu erakunde honen, herritarren eta euren ordezkari diren taldeen arteko komunikazioa eta hartu-emana ahalbidetzeko, gizartearen kezka eragiten duten arazoei edo egoerei lotuta.

Horri dagokionez, eta ekimena bereziki alderdi zehatz batera mugatzeko, egokia iruditu zaigu ingurumenari buruzko parte-hartze publikoko foroa sortzea. Foro horrek, blog tematikoen bitartez, ideien eta esperientzien trukea sustatuko du, erakunde honen eta EAEn dauden ingurumena babesteko talde eta elkarte nagusien artean.

Lehen esperientzia honetarako, aspalditik ekologista taldeen kezka piztu izan duen gaia aukeratu dugu, horren inguruan jasotzen ditugun kexa-kopuru ugariek islatzen duten moduan: ingurumen alorreko informazioa eskuratzeko eskubidea erabiltzea. Gai horrek kezkatzen gaitu eta 2010eko abenduaren gomendio orokorrean jada jorratu genuen: Gardentasuna eta agiri publikoak eskuratzeko eskubidea. Bereziki ingurumen alorreko informazioa eskuratzea.

Horretarako, ingurumen alorreko informazioa eskuratzeko eskubideari buruzko edozein gai jorratzeko bloga sortuko dugu. Blog hori, alde batetik, tresna erabilgarria eta eraginkorra izan dadila espero dugu, elkarteek euren arazoak eta zalantzak adierazteko eremu arina topa dezaten; bestalde, ingurumenarekiko eskubidearen alorreko administrazioaren jarduera berrikusteko Arartekoak duen eskumena hobe bideratzeko aukera eskaintzen duten informazioa eta datuak eskura ditzan bilatzen dugu.

Foroa Arartekoko blogen atalean (http://blogak.ararteko.net/) guztion eskura dagoen eremu publikoa da. Lehen esperientzia honetan, ingurumen alorreko elkarteen eremuan gure autonomia elkartean presentzia gehien duten talde horiei parte hartzera gonbidatuko diegu. Hori guztia, hala ere, parte hartzen duten elkarte edo talde kopurua handitzearen edo ospe handiko pertsonak eta erakundeak gonbidatuz esperientzia zabaltzearen kaltetan izan gabe.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 22a