ARARTEKOAK IRMOKI GAITSEZTEN DU ETAk FERROVIAL AGROMÁN ENPRESAREN EGOITZAREN KONTRA MADRILEN EGINDAKO ATENTATUA

Iñigo Lamarca arartekoak bere sumindura eta gaitzespenik irmoena adierazi nahi ditu ETAk gaur goizean, Madrilgo Campo de las Naciones-en, Ferrovial Agromán enpresaren egoitzaren kontra egin duen atentatu basatia dela eta. Era berean, elkartasuna eta laguntza erakutsi nahi dizkie eraikuntza-enpresa horri eta bertako langile guztiei, baita atentatu honek kaltetutako guztiei ere.

Bizikidetasun demokratikoaren eta herritarren segurtasun eta askatasunaren kontrako eraso krudel honek indartu egin behar du herri-aginte eta gizarte-erakunde guztiek lanean jarraitzeko hartutako konpromisoa, balio demokratikoak lehenbailehen nagusitu daitezen terrorismoaren, fanatismoaren eta totalitarismoaren aurka. Horregatik, berriro ere, arartekoak euskal herritar guztiei mugitzeko deia egiten die, ETAri desegin dadila eska diezaioten, giza eskubideetan sakonduz eta giza eskubideak errespetatzeko balioak gure gizarte osoan zabalduz.


Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 9a