Arartekoak jarduera bat bukatu du eta nabarmendu du aurrera egiten jarraitu behar dela gizarte- eta osasun-arreta egokia ematen desgaituei, osasun mentaleko arazoak dituztenei eta gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan daudenei

Herritar batek hainbat arazo azaldu zizkion Arartekoari, Bizkaiko gaixo mentalei eragiten dien gizarte- eta komunitate-arretarekin zerikusia zutenak. Adierazi zuenez, atzerapena gertatzen zen balorazioan eta banakako arreta-planean adostutako baliabideak esleitzean. Horrek mendetasuneko foru zerbitzuari eragiten zion (hortik eratortzen dira desgaituentzako zerbitzuak), baita inklusio-zerbitzuari ere, biak ere Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako zerbitzuak. Bere ustez, ospitaleetako egonaldia beharrik gabe luzatzea zekarren horrek, sintomatologia psikopatologikotik eratorritako beharrak edozein zirela ere. 

Adierazi zuenez, egoitzetan behar adina leku ez egoteak itxaron-zerrendan sartzea eragiten du, eta baliteke zerrenda horretan urteak eman behar izatea. Egoera horrek ez zuen laguntzen ez bere osasun mentalaren bilakaeran, ez bere gizarteratze-prozesuan ere. Era berean, aipatu zuen gaixo mentalek gizarte-interakzioko premiak dituztela autonomia lortzeko, eta zailtasunak diru-sarrera propioak lortzeko.

Arartekoak informazioa eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailari, horiek baitira eskudunak mendekotasuna eta desgaitasuna eta gizarte-bazterketa baloratzen, hurrenez hurren, eta egoitza-baliabidetako tokiak esleitzen. Orobat, laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari, prestazioak amaitu zaizkien pertsonek diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) eskuratzeko dituzten zailtasunei buruz. 

Sail horiek informazio zehatza bidali dute eta, berori aztertu ondoren, Arartekoak zenbait ondorio atera ditu. Laburbilduz, hauexek dira: aurrera egiten jarraitu behar da gizarte- eta osasun-arreta egokia eta askotarikoa ematen, kontuan hartuta zer premia dituzten desgaituek, osasun mentaleko arazoak dituztenek eta gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan daudenek; saihestu egin behar da osasun mentaleko arazoak, gizarte-interakziorako arazoak eta portaera-nahasteak dituzten pertsonak gizarte- eta osasun-arretarik gabe gera daitezen eta, horren ondorioz, beren gizarte-bazterketako egoera eta osasun fisiko eta mentala larriagotu dadin. 

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 19a