Arartekoak Lanbideri 2021ean bidalitako ebazpenak bildu ditu

2019an eta 2020an bezala, Arartekoak argitara eman ditu diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren (EPO) arloan eman dituen ebazpenak eta horien laburpenak.

Agiri horretan bildu dira 2021. urtean Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari egindako gomendio eta iradokizunak (Arartekoaren web orrian argitaratuak), baita horien laburpen bat ere. Orobat, adierazten du zeintzuk onartu diren, zeintzuk dauden erantzunaren zain eta zeintzuk ez diren onartu. Jakina denez, kexa-espediente bat izapidetzean Arartekoaren esku-hartzea eragin zuen arazoa konpontzen ez denean ematen da ebazpena. 2021ean itxi diren kexa-espediente gehienetan, erakunde honek iritzi dio Lanbideren jarduera bideratuta geratu dela.

Gainera, prozedura erraztuaren bitartez amaitu dira 33 kexa-espediente. Prozedura hori erabili ohi da espedienteetako auziari buruz Arartekoak ebazpenak eman arren eta bi erakundeetako langileen arteko bileretan hura eztabaidatu arren, Lanbidek Arartekoaren gogoetak eta jarrera onartzen ez dituenean.

Bilduma horretan aztertzen dira DSBE eta EPO prestazioak ukatu, eten eta amaitzeari buruzko kexak, baita prestazioak erreklamatzeari dagozkionak ere. Horietan, Arartekoaren ustez, Lanbideren jarduerak ez dauka babes nahikorik araudian, edo ez ditu betetzen prozeduraren bermeak. Beste espediente batzuetan, Arartekoa ez dator bat araudia interpretatzeko moduarekin edo elementu jakin batzuei ematen zaien froga-pisuarekin, aldi berean gertatzen diren beste alderdi batzuen aurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 28a