Arartekoak Lanbideri gomendatu dio eman ditzala herritar batek eskatutako datuak eta, horrela, bete dezala Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen ebazpena

Herritar bat ez zegoen konforme Lanbideko (Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari atxikitako administrazio-erakunde autonomoa) zuzendari nagusiak eman zion informazioarekin, informazio publikoa eskuratzeko eskaera bat zela eta. Horrexegatik eskatu zion esku hartzeko Arartekoari.

Kexagileak informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabili zuen, integrazioari buruzko ikerlan bat egiteko. Horretarako, informazioa galdegin zuen gai hauen gainean: DSBEaren hartzaileak nazionalitatearen arabera, laguntzen zenbatekoak, onuradunen kopurua eta urte batzuei zegozkien zenbatekoak, zenbaki absolututan eta ehunekotan, eta datu berberak gizarte-larrialdiaren, gizarte-bazterketaren, ostatu ematearen eta haurrak zaintzearen gainean.

Lanbidek eskaeraren zati bat onartu zuen eta, kexagilearen ustez, erantzuna ez zen nahikoa, izan ere, Lanbideren web orriko estekak kontsultatzeko adierazi zioten, baina informazio zehatzik eman gabe, bere aburuz. Gainera, bere eskaera Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari ere egin zion, eskatutako azken datu-multzoari buruzko informazioa lortzeko. 

Ados ez zegoenez gero, erreklamazioa egin zion Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari, eta organo horrek Lan eta Enplegu Sailari egindako eskaera betetzearen aldeko ebazpena eman zuen eta Lanbide aipatu zuen, baina azken erakunde horrek ez zuen ebazpen hori jaso.

Horregatik, Arartekoak Lanbideri gomendatu dio bete dezala Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak emandako ebazpena eta beharrezko tresna juridiko eta teknikoak abiaraz daitezela zenbait organo eta sailekin zerikusia duen informazio publikoa eskatzen denean, erantzuna koordinatzeko.

Era berean, Arartekoak jarduera egokitzat gomendatu du gardentasuna eta berrerabiltzeko printzipioa bultza daitezen, sarritan eskatzen den informazioa eta garapen ekonomiko eta soziala susta dezaketen datuak argitaratuz, sektore publikoko datuak berrerabiltzeko araudiaren arabera.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 15a