Arartekoak lankidetza hitzarmena sinatu du Eguía-Careaga fundazioarekin

Arartekoak eta Eguía-Careaga-SIIS Fundazioak hitzarmen bat izenpetu dute. Hitzarmen horrek bi erakundeen arteko lankidetza-esparru egonkorra ezartzen du erantsitako kostu ekonomikorik gabe , arlo hauetan zenbait ekimen garatzeko: dokumentazioa, informazioa trukatzea eta gizarte-politikaren eta gizarte-zerbitzuen eremuan jarduera batzuk zabaltzea.

Lankidetza hori jarduera hauen inguruan gauzatuko da:

- Arartekoak dokumentuei eta legeriari buruzko SIISen datu-baseak eskuratu ahal izango ditu.
- Erregistroak edota harpidetzak trukatuko dituzte, baita bien liburutegien arteko maileguak ere.
- SIISeko dokumentalistek eskura izango dituzte interesatzen zaizkien Arartekoaren liburutegiko aldizkarietako artikuluak.
- Arartekoko langileek eskura izango dituzte SIISek kudeatzen dituen agirizko produktu eta zerbitzu pertsonalizatuak.
- SIISen argitalpenetan Arartekoaren argitalpenak eta prestakuntza-jarduerak ezagutaraziko dira.

Horrela, bi erakundeok informatzeko duten ahalmena optimizatuko dute eta partekatutako ezaguera sustatzen lagunduko dute.


Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 23a


Lotutako dokumentazioa

Dokumentu-trukea ahalbidetzeko Arartekok eta Eguía-Careaga fundazioak sinaturiko esparru-hitzarmena .