Arartekoak Lapuebla de Labarcako Udalari gomendatu dio erantzun diezaiola ingurumen arloko salaketa bati eta beharrezko neurri zuzentzaileak eska ditzala etxeko eskorta-jarduera bat arautzeko

2023ko apirilean, Lapuebla de Labarcako biztanle batek Arartekora jo zuen, herri horretako udalak ez baitzuen esku hartzen bere etxe ondoko txakurtegiko zaratak eta usainek sortutako eragozpenak zuzentzeko. 

Kexagileak azaldu zuenez, bere etxe ondoan dagoen orube batean, txakur talde bat bizi zen kanpoan, eta beste talde bat finkaren barruan. Horregatik, bere ustez, orube horretan txakur zaintza egiten zen, nahiz eta jarduera hori burutzeko baimenik ez izan eta gutxieneko osasungarritasun- eta segurtasun-baldintzak ez bete. Era berean, salatu zuen finkaren egoera desegokia zenez gero, jarduera usain-arazo larriak sortzen ari zela. Animalien zaunkek zarata-eragozpen larriak sortzen zituztela ere aipatu zuen. 

2022ko uztailean eta 2023ko urtarrilean, herritar horrek salaketa aurkeztu zion Lapuebla de Labarcako Udalari, baina ez zuen erantzunik jaso. 

Bestalde, jarritako salaketen arabera, arau-hauste askoren zantzuak daudela azaldu zuen, bai Euskal Herrian etxeko animaliak babesteko araudiari dagokionez, bai txakurrak edukitzeari buruzko udalerriko ordenantzari dagokionez, baina oraindik ez dela inolako neurririk hartu sortutako kalteak saihesteko. 

Arartekoak informazioa eskatu zion udalari, eta hark txosten bat bidali zuen. Bertan, udalak nabarmendu zuen zenbait jarduera egin zituela kasu horren inguruabar zehatzak ezagutzeko eta zehapen-prozedura bat hastea komeni zen ala ez jakiteko. 

Laburbilduz, txostenean adierazi zen jabetza pribatu batean hamar animalia baino gutxiago edukitzea ezin zela sartu gune zoologikoaren kontzeptuan, ezta jarduera sailkatuaren kontzeptuan ere. Beraz, bere iritziz, salatutako egintzak ez ziren zehatzeko modukoak. 

Hala ere, Arartekoak uste du ingurumenaren ikuspegitik begiratuta, salatutako jarduera eta instalazio hori jarduera sailkatuaren aldez aurreko jakinarazpenaren mende dagoela, izan ere, kalteak sor diezazkieke ingurumenari, pertsonei edo haien ondasunei, halako kalteak eragiteko arriskuak sor ditzake, edo eragozpenak pertsonei. 

Gainera, txakurrak edukitzea eta babestea arautzeko ordenantzak berariaz debekatzen du txakurrak normalean balkoietan, pabilioietan, lorategietan edo beste edozein lokal edo hiri-lursailean edukitzea, baldin eta eragozpen objektiboak sortzen badizkiete bizilagunei edo oinezkoei. 

Arartekoaren aburuz, Lapuebla de Labarcako Udalak ez du begiratu, ikuskatu eta zehatu txakurrak zaintzeko etxeko eskorta-jarduera hori ingurumen-araudiak eta udal ordenantzak eskatzen duten moduan. Horregatik, gomendatu dio Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorrean jasotakoaren arabera, arautu dezala etxeko eskorta-jarduera eta beharrezko neurri zuzentzaileak har ditzala salatutako eragozpenei erantzuteko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 9a