Arartekoak Leioako Udalari eskatu dio igerilekuetara sartzeko prozedura bat antola dezala, bai abonatuentzat bai erabiltzaileentzat

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela konforme Leioako Udalaren erabaki honekin: udako udal igerilekuetara ez sartzen uztea udalaren kirol instalazioetako abonatua ez den inori.

Bere esanean, bigarren urtez jarraian, Leioako bizilagunak ezin dira udako igerilekuetara sartu, instalazio horietako abonatuak ez badira (abonatuak aldez aurretik hitzordua eskatuta sartzen dira), ezta tokia egonda ere. Kexagileak ez du abonurik nahi, kostua gehiegizkoa iruditzen zaiolako eman diezaiokeen erabilerarako.

Udalak osasun-irizpideak azaldu zituen neurri hori justifikatzeko: "Debido a la situación sanitaria existente nos hemos visto en la obligación de mantener una serie de normas y controles con el objetivo del correcto funcionamiento de la instalación, además de resguardar la salud de todas nuestras y nuestros usuarios".

Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko erregelamenduan, udalaren kirol instalazioak baliatzeko eskubidea aitortzen da, abonatu izan nahiz erabiltzaile izan (abonatu gabea).

Nahiz eta erregelamendu horretan maila goreneko arau batzuek eragin duten (COVIDak sortutako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak arautzen dituztenak), arau horiek ez dute inolako murrizketarik ezartzen instalazioen erabiltzaile motari dagokionez.

2020an egin zuen bezala, izurria hasi zenetik urtebete baino gehiago igaro ondoren, Leioako Udalak ez du aurreikusi erabiltzaileen eskubideetarako hain murriztailea ez den beste aukerarik.

Arartekoaren ustez, badira ezarritakoa bezain murriztaileak ez diren beste konponbide batzuk, adibidez, aurretiazko hitzordua, izan ere, horren bitartez, behar bezala kontrola daiteke instalazioetarako sarbidea eta identifika daitezke erabiltzaileak.

Horregatik, Arartekoak Leioako Udalari iradokitzen dio igerilekuetara sartzeko prozedura bat antola dezala, bai abonatuentzat bai erabiltzaileentzat, denen osasuna bermatuz instalazio horietan inguru segurua eskaintzeko eta, era berean, instalazio horien erabilera arautzen duen erregelamendua bete ahal izateko.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 14a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2021S-1378-21 Ebazpena, 2021eko irailaren 9koa. Horren bidez, Leioako Udalari iradokitzen zaio igerilekuetara sartzeko prozedura bat antola dezala, bai abonatuentzat bai erabiltzaileentzat, denen osasuna bermatuz instalazio horietan inguru segurua eskaintzeko eta, era berean, instalazio horien erabilera arautzen duen erregelamendua bete ahal izateko.