Arartekoak Mungiako Udalari gomendatu dio aitortu dezala eskudirutan egindako ordainketa Udalaren kirol-zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzeko modu gisa

Pertsona batek Arartekora jo zuen, izan ere, Mungian Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzeko modu bakarra banku-helbideratzea zen.

Adierazi zuenez, Udalari eskatu zion gaitu zezala udal-kiroldegiaren kuotak eskudirutan ordaintzeko aukera edo, behintzat, banku-erakunde batean ordaintzeko ordainketa-gutun bat jaulkitzeko aukera.

Nolanahi ere, bere eskaera ezetsi egin zen, izan ere, kirol-zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantzan ezartzen denaren arabera, kiroldegiko aldizkako ordainagiriak eta abonuak aurrez egingo dira, banku-helbideratzearen bidez. Udalak bere erabakia babesteko adierazi zuen erosoagoa zela zerbitzuaren erabiltzaileentzat, aurrerapen teknologikoa aintzat hartuta.

Arartekoak, bere informazio-eskaeran, agerian utzi zuen udal-erabakia murrizketak txertatzen egon litekeela zerga-legeriak onartutako ordainketa-moduei dagokienez eta, era berean, Kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako Lege Orokorrean kontsumitzaileen eta erabiltzaileen alde jasotzen diren bermeen kontra joan litekeela.

Bere erantzunean, Mungiako Udalak bere jarduketa defendatu zuen, eta honako hau adierazi zuen: “Ez dugu uste Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Lege Orokorra urratzen ari garenik kirol-instalazioetako abonuak kobratzeko banku-helbideratzea eskatzen dugunean; izan ere, eskudirutan ordaintzeko bidetzat har daiteke, eta Udalak eskumena du ordaintzeko moduak arautzeko, zerga-arauak ezarritako mugen barruan.”

Arartekoa ados badago ere Mungiako Udalaren ikuspuntuarekin, hots, zilegi dela eta -une jakin batzuetan- beharrezkoa zergen kobrantzaren kudeaketa erraztera bideratutako neurriak hartzea, ezarritako ekimenek ezin dute inola ere babestu zergadunei aitorturiko eskubideen murrizketarik. 

Hori dela eta, gomendatu dio bere zerga-ordenantzan jasotako xedapenak berrikus ditzala eta Udalaren kirol-jarduerak ordaintzeko modu gisa eskudirutan ordaintzea onartu eta jaso dezala.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 4a