Arartekoak nabarmendu du oso garrantzitsua dela Auzitegi Gorenak torturak behar bezala ez ikertzeaz hartu duen erabakia

Arartekoak ohartarazi nahi du oso garrantzitsua dela aste honetan argitaratu den Auzitegi Gorenaren erabakia, zeinak agerian jartzen baitu ez direla behar bezala ikertu akusatu batek Auzitegi Nazionalean salatu zituen torturak.

Torturak ikertzea eskubide-berme bat da, eta Espainia behin eta berriz zigortu dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian berme hori urratzeagatik. Izatez, zigor horietako batean, polizi operatibo berbera zela eta egindako beste salaketa bat aipatzen da. Salaketa hori bereziki garrantzitsua da generoaren ikuspegitik, izan ere, Estrasburgok ikertu gabekotzat jo zituen egintzen artean, bortxaketa bat zegoen, salatzaileak pairatu omen zuena. Gorenaren erabakiak garrantzi bikoitza du, erakunde honen ustez:

· erabaki horren ondorioz, lehenbiziko aldiz, salatzaileari ezarritako zigorra baliogabetzea; horrek prebentziozko birtualtasuna dakar berekin, aintzat hartu beharrekoa.

· Auzitegi Gorenak ikerketa nahikoa izan ez dela uste izateko arrazoia hauxe izatea: Auzitegi Nazionalak Istanbulgo Protokoloa deritzana ezartzeari uko egitea, defentsak hala eskatu arren.

Ildo horretan mintzatu zen, hain zuzen, Arartekoa joan den ekainaren 26an, torturaren biktimen aldeko nazioarteko egunean bidali zuzen Adierazpenean. Adierazpen hartan, bat egin zuen arlo judizialean azaldutako kezka batekin: horrelako egoerak salatzen dituzten iritziak zalantzan jartzea, orain erabaki hori oinarritzeko balio izan duen Europako jurisprudentzia bera oinarritzat hartuta.

Horregatik guztiagatik, Arartekoak berriz adierazten du gainditu egin behar direla tortura-salaketak egiaz ikertzea eragozten duten trabak, nazioarteko jurisprudentziak eskatzen duten bezala eta Auzitegi Gorenak, lehenbizikoz, erabaki horretan adierazi duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 13a