ARARTEKOAK OFIZIOZKO ESKU-HARTZEA ABIATU DU ARABAKO FORU GIZARTE-ZERBITZUEN ERABILTZAILE DIREN ADINGABEKOEI ERAGIN DIETEN GERTAKARIETAN EGINDAKO JARDUERAK ARGITZEKO

Haurtzaroko foru-zerbitzuen zaintzapean edo tutoretzapean dauden adingabeetako batzuen prostituzio kasuei buruz komunikabideetan argitaratutako berri larrien aurrean, Arartekoak ofiziozko jarduera bat abiarazi du, euskal agintariek hartutako neurriak eta, bereziki Arabako Foru Aldundiarenak, ezagutzeko eta adingabeko horiek eraginkortasunez babestuko direla bermatzeko.

Zentzu jorretan, Arartekoak zenbait kontaktu izan ditu dagoeneko Arabako Foru Aldundiarekin eta elkarrizketa horien bidez, gertakariei lotuta erakunde horrek egindako jardueraren inguruko hasierako informazio zehatza jaso ahal izan du, uneoro lankidetza osorako eta gardenerako asmoa erakutsiz.
Gogorarazi beharra dago, esku-hartzearen izaera zehazte aldera, Arartekoak legez ezin dituela ikertu jarduera penalak edo jurisdikzio-egoitzetan ebatzi beharrekoak.

Arartekoa oso kezkatuta agertu da gertakari horien aurrean eta harremanetan jartzen ari da eskumena duten agintariekin, eskuragarri dagoen informazio guztia jaso eta gertatutakoaren gaineko zentzuzko ezagutza egiteko, zein adingabeko horien aldeko babes neurriak egokiak eta nahiko direla balioztatzeko.

Erakunde honek, hain zuzen ere, babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeei emandako harreraren jarraipen estua egiten du. Azken urteetan, bereziki aztertu ditu jokaera arazo larriak dituzten nerabeei zuzendutako programak, horretan aritzen diren profesionalen jarduteko modua eta zerbitzu horiek bizi dituzten zailtasun eta arazoak zuzenean eta bertatik bertara ezagutuz. Arartekoak Eusko Legebiltzarrari jakinarazi dizkio egindako azterketa horietatik ateratako ondorioak, urteroko txostenen bidez.

Gainera, Arartekoak sentsibilitate berezia du ahulgarritasun egoeran dauden pertsonen eskubideei dagokienez, tartean haurrak eta nerabeak , batez ere babesgabetasun egoeran dauden pertsonei dagokienez. Horregatik, jarduera honen bidez herri-administrazio ezberdinek hartutako neurriak ezagutu nahi ditugu, bereziki gertakari horiek jakin direnetik, eragina zuzenean jasan duten adingabekoak babesteari dagokionez, zein foru-zerbitzuaren tutoretzapean dauden gainerako neska-mutilei dagokienez.

Zentzu horretan, Arartekoak uste du beharrezkoa dela azpimarratzea gai horretan esku-hartzen duten pertsonek beraien esku dagoen guztia egiteko betebehar osoa dutela, aztertze bidean diren delituzko jokabideen biktima izan diren adingabekoen identitatea publikoki ezagutu ez dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 18a