Arartekoak ofiziozko espediente bat hasi du Osakidetzaren Enplegu Publikoaren Eskaintzako (EPE) espezialitate batzuetan sortu den egoera aztertzeko

Manuel Lezertua arartekoak bilera egin zuen atzo Jon Darpón Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuarekin, Osakidetzaren EPEko medikuntza-espezialitate batzuetan hautaketa-prozesuaren inguruan sortu den egoera zehatz-mehatz aztertzeko.

Bilera horretan, sailburuak xehetasunez azaldu zion arartekoari hautaprobak nola antolatu eta egin diren, baita ere zer segurtasun-neurri hartu diren prozesu hori behar bezalako bermeekin eta berdintasunean gauzatzen ari dela bermatzeko.

Gainera, adierazi zuen informatzeko espedienteak zabaldu direla aldeetakoren batek zalantzan jarri dituen prozesuetan, eta prozesuok badaezpada eten egingo direla espediente horiek ebatzi arte.
Arartekoak, bere aldetik, ofiziozko espediente bat hasi duela jakinarazi zion, horrelako prozeduretan Osakidetzak eta HAEE-IVAPek nola jarduten duten jakiteko.

Sailburuak laguntza eskaini dio arartekoari, eta adierazi dio prest dagoela beharrezko informazio guztia emateko eta, horrela, ikerketa gauzatu dadin errazteko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 7a