ARARTEKOAK OFIZIOZKO JARDUERA BAT HASI DU, ARAKIL IBAIAN EGIN DIREN ISURKETA BATZUK IKUSKATZEKO ORDUAN EUSKAL ADMINISTRAZIOEK IZAN DUTEN ESKU-HARTZEA EBALUATZEKO

Hedabideetan agertu diren berri batzuen bitartez, erakunde honek jakin du zenbait isurketa egin direla Arakil ibaian, Araian (Asparrenako Udala), 2018ko urrian.

Zehazki, lortutako informazioaren arabera, urriaren 29an, Zadorra Bizirik plataformak salatu du isurketa bat egin dela ibai horren ibilguan, Araiako industrialdetik igarotzean. Egun horrexetan, URA-Uraren Euskal Agentziaren ikuskapen zerbitzuak eta Ertzaintzako agente batzuek ikerketa bat egin zuten isurketa hori nondik etor zitekeen, nolakoa zen eta erantzulea nor zen jakiteko.

Geroagoko berri batean (urriaren 31koa) aipatu denez, Zadorra Bizirik plataformak ohartarazi du Arakil ibaira bigarren kutsadura-isurketa egin dutela, udalerri horretako industrialde beretik, antza denez.
Araiatik igarotzen den Arakil ibaiaren ibilgua, Natura 2000 Sarean sartuta dago eta Batasuneko garrantzizko lekutzat jotzen da, 2003. urteaz geroztik. Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu zuen horren ibilbidearen zati bat, eta zenbait neurri onartu zituen eremu hori iraunarazteko.

Beste toki batzuetan ez ezik, Arakil ibaian ere bizi da "mustela lutreola" bisoi europarra. Espezie hori Habitats Zuzentarauaren eranskinetan jasota dago, Batasunaren intereseko lehentasunezko espezie gisa. "Desagertzeko zorian" kategorian sartuta dago bai Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan, bai Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan ere. Horregatik, Araba Lurralde Historikoak Bisoi Europarra Kudeatzeko Plana dauka. Arau horretan, bisoi europarrarentzako interes bereziko eremutzat jotzen da Arakil ibaiko KBEa.

Ingurumen arloan eremu hori oso garrantzitsua denez gero, hedabideetako berrian aipatzen den administrazioaren esku-hartze azkarra gorabehera, Arartekoari egokia iruditu zaio ofiziozko espediente bat hastea, Arakil ibaian baimenik gabe ustez egin den isurketa hori kontrolatzeko zer administrazio-tresna erabili diren aztertu eta ebaluatzeko, baita ingurumenean izan duen eragina ere.

Arartekoak ingurumenaren kontrol-lana hobetzeko asmoz egiten dituen proposamenen artean kokatzen da ofiziozko jarduera hori. Besteak beste, proposatuko du protokoloak eta komunikazio-bideak hobetu daitezela ingurumena ikuskatzen eskumena duten administrazioen artean, behar bezala antzeman, ikertu eta kalifikatu daitezen arau-hauste administratiboak edo zilegigabetasun penalak izan daitezkeen jarduerak edo ez-egiteak. Administrazio horien artean aipatzekoak dira, Ertzaintzaren ikuskapen zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Uraren Euskal Agentzia bera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 8a