ARARTEKOAK OFIZIOZKO JARDUERA BAT HASI DU, BASO-SUTEAK KONTROLATZEKO ADMINISTRAZIO-TRESNAK AZTERTZEKO

Arartekoa harremanetan jarri da hiru foru aldundietako mendien arloko sail eskudunekin, aztertu eta ebaluatu nahi baitu zer administrazio-tresna erabiltzen diren, basoak ikuskatu eta zaintzeko zeregina betetzean, baso-suteen sorburuak antzeman eta ikertzeko, eta zerk edo nork piztu dituen argitzeko.

Izan ere, zenbait hedabidetako berrietan adierazten denez, gizartea kezkatuta dago Euskal Herrian baso-suteak ugaritu direlako. Suterik garrantzitsuena oraintsu gertatu zen, Muskizen, eta 110 hektarea erre zituen.

Era berean, Bizkaiko Basozainen Elkarteak Arartekoari adierazi dio kezkatuta dagoela, administrazio-neurriak bultzatu behar baitira suteak zerk edo nork piztu dituen argitzeko, eta baliabide materialak eta giza baliabideak behar baitira zigortzeko eskumenak erabiliko direla eta baso-ingurua lehengoratuko dela bermatzeko. Horretarako, interesgarria iruditzen zaio baso-suteak ikertzen espezializatutako unitate bat sortzea.

Arartekoaren ekimen hau ingurumen arloan egin behar diren proposamenen barruan sartzen da, ingurumena eta natura ingurunea hobeto kontrolatzeko. Neurri horien artean dago ingurumena ikuskatzeko eskumena duten administrazioen protokoloak eta komunikabideak hobetu daitezen sustatzea, administrazioaren arau-hauste edo ez-zilegi penal izan daitezkeen jarduerak edo ez-egiteak behar bezala antzeman, ikertu eta kalifikatzeko. Administrazio horien artean aipagarriak dira foru aldundi bakoitzaren basozain kidegoak eta Ertzaintzaren ikuskaritza zerbitzuak, edo natura ingurunean sute-delituak ikertzen espezializatutako fiskaltza bera; azken horrekin koordina daiteke, hala badagokio.

Hala ere, egoera on batetik abiatu behar dugu. Estatu osoan, baso-suteen indizerik txikienetakoa duen eremuetako bat da Euskadi. 2017an 130,92 hektarea erre ziren, 79 sutetan. Kopuru hori aurreko urtekoa baino txikiagoa da, orduan 77,66 hektarea erre baitziren, 34 sutetan. Egoera hobe horrek zerikusia izan dezake suteak prebenitzeko eta baso-kudeaketa iraunkorra garatzeko asmoz baso arloan abiarazi diren politikekin.

Haatik, urte sasoi jakin batzuetan suteak ugaritzeko joerak ziur aski gora egingo du datozen urteetan, planeta osoko klima-aldaketaren ondorioetako bat baita.

Gauzak horrela, zehatz-mehatz aztertu behar da benetan zerk sortzen dituen suteak, prebenitzeko berariazko ekintzak ezar daitezen, batez ere suteak gizon-emakumeen jarduerek sortuak badira, arduragabekeriagatik edo nahita.

Administrazio edo zigor arloko balizko erantzukizuna eskatzeko orduan, oso garrantzitsua da suteen sorburuak ikertzea eta zerk edo nork piztu dituen argitzea. Aldi berean, arduradunek natura inguruneari sortutako kalteak ordaindu behar dituzte. Horregatik, Arartekoari egokia iruditu zaio ofiziozko espediente hau hastea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 4a