ARARTEKOAK OFIZIOZKO JARDUERA BAT HASI DU, JAKIN NAHI BAITU GENERO-INDARKERIAREN BIKTIMAK HASIERAN NOLA ARTATZEN DITUZTEN POLIZIA-ETXEETARA JOATEN DIRENEAN

Arartekoak kexa bat jaso zuen, genero-indarkeriaren biktimak delitu bat salatzera edo babesa eskatzera polizia-etxeetara joaten direnean, hasieran nola artatzen dituzten eztabaidan jartzeko.

Zehazki, kexagileak adierazi zuen polizia-etxeren batean, artatzeko lehen une horretan, ez dela bermatzen komunikazioaren isilpekotasuna eta pribatutasuna.

Arartekoak jasotako kexaren arabera, hasierako arreta harrera-gelaren barruan eman zen; han, agente batek zenbait galdera egin zizkion polizia-zerbitzua eskatu zuen pertsonari, zeina pantaila baten beste aldean kokatuta zegoen, baina beti ere harrera-eremu komun berean.

Galdera horien bidez, beharrezko informazioa bildu nahi izaten da, egoera balioesteko eta zer jarduera egin behar diren zehazteko. Polizia-zerbitzua eskatu zuen emakumeak hara zergatik joan zen azaldu eta galderei erantzun behar izan zien, eta eremu hartan arreta jasotzeko zain zeuden gainontzeko pertsonek hark esandakoa entzun zezaketen.

Dirudienez, izapide hori aurretiaz egin ohi da, kontatutako gertakariengatik salaketa jarri eta dagokion gelan arreta pertsonalizatuagoa jaso baino lehen, halakorik egiten bada. Gela hartan bai, pribatutasun baldintza egokietan ematen da arreta.

Sortutako arazo horrek eragina izan dezake ez bakarrik genero-indarkeriaren biktimengan, baizik eta baita ere polizia-zerbitzu eske polizia-etxera joaten diren beste pertsona batzuengan. Horregatik, Arartekoari egokia iruditu zaio ofiziozko jarduera bat hastea, jakin nahi baitu hasierako arreta hori oro har nola ematen den eta nola bermatzen den lehen une horretan ematen den informazioa ez dutela entzungo eremu berean arretaren zain dauden beste pertsona batzuek.


Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 29a