ARARTEKOAK ONDARROAKO UDALARI GOMENDATU DIO NEURRIAK HAR DITZALA ITSU BATEK UDALERRIKO OINEZKOENTZAKO IBILBIDEETAN SEGURU IBILTZEKO DUEN ESKUBIDEA BABESTEKO

Ondarroako biztanle itsu batek Arartekoari esku hartzeko eskatu zion, herri horretako udalak espaloietan, oinezkoentzako pasaguneetan eta oinezkoentzako guneetan aparkatzeko debekua beteko dela berma dezan, baita gune publikoetara sarbidea izatea ere.

Kexagilea kexu zen, zehazki, udalerrian behin eta berriz urratzen zelako oinezkoentzat gordetako guneetan aparkatzeko debekua.

Interesdunak adierazi zigunez, azken urteotan hainbat aldiz jo zuen udalera eta erabateko neurriak har zitzan eskatu zion, oinezkoentzat gordetako guneetan legez kontra aparkatzea eragozteko. Zenbait konponbide ere proposatu zituen, bere kexa eragin zuen egoera konpontzen lagundu zezaketelakoan.

Interesdunak onartzen zuen udalak hartu zituela neurri batzuk, baina, bere ustez, ez ziren nahikoak, eta arazoari ikuspegi integral eta planifikatu batetik heldu behar zitzaion.

Kexaren zioa aztertu ondoren eta Ondarroako Udalak emandako informazioarekin, Arartekoak hauxe gomendatu dio udal horri: beharrezko neurriak har ditzala, gehiago atzeratu gabe, kexagileak udalerriko oinezkoentzako ibilbideetan seguru eta irisgarritasunaren legezko printzipioaren arabera ibiltzeko duen eskubidea babesteko, eta izapideak arindu ditzala jada onartuta dauden neurriak benetan bete daitezen.

Gainera, lau urteko programa bat presta dezala eskatu dio, udalerriko erabilera publikoko eremuak pixkanaka Irisgarritasuna Sustatzeko Legean ezarritako xedapenetara egokitu daitezen.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abuztuaren 12a